90eko hamarkadako kultur kolektiboen legatuaren inguruko kronika bat
'90 berriak' erakusketa ireki dute San Telmo Museoan. Garaiko artisten sorkuntza lanen bidez, urte haietako testuinguru sozial eta politikoaren kronika bat ere egin du Nekane Aranburuk, erakusketaren arduradunak.
160 artista eta kolektiboren lanak bildu dituzte, erakusketako ikusleak hamarkada bizi eta eferbeszente batean murgildu ahal izateko. Ezohiko erakusketa bat dela adierazi du Susana Soto museoko zuzendariak, ez dituelako soilik artelanak erakusten: “Garai hartako artistek artelan hauek sortu zituzten urteen eta testuinguruaren errelatoa ere egiten da”. Insumisioa, talde ekologistak, globalizazioa, indarkeria, hilketak, hiesaren agerpena, langabezia tasa izugarria, formatu analogikoaren azken urteak eta Interneten hasiera… Urte konplexu hauetan egindako sorkuntza lanek islatzen dituzte garaiko kezka, krisi eta borroka hauek guztiak.
Nekane Aranburu izan da erakusketaren arduraduna, eta azaldu du urte hauetan bakarka lan egitetik elkarlanean eta kolektibo moduan lan egitera igaro zirela sortzaileak: “Ikuspegi alternatiboetatik abiatuta, eta konpromiso sozial eta politiko indartsuetan oinarrituta egin zuten lan, Erakusketak ekosistema kultural hura zaintzen eta transmititzen laguntzen du”.
80ko hamarkadaren hondarretik 2000ko hamarkadaren erdialdera arte Euskal Herrian sortu eta garatutako hainbat kultur egitasmo eta espazio alternatiboen inguruko dokumentazioa bildu dute. Donostian izan ziren hainbat egitasmori buruzko irudi eta testigantza interesgarriak daude. Antiguako Zapatari etxe okupatua, Igarako El Gallinero, Loiolako Artelekuko tailerrak, Larrotxene kultur etxeko Bideoaldia, Okupgraf kolektiboa, Maider Lopez artista, Marivi Ibarrola, Isabel Azkarate eta Fernando Postigo argazkilariak…
Autogestioan oinarritutako egitasmoa izan zen Zapatari. Gazte batzuek okupatu zuten urte luzez hutsik egon zen eraikina, 1988an. Tolosa hiribideko 127. eta 125. zenbakietan zegoen etxea, baina 2010ean eraitsi zuten, eta egun, Angela Figera plaza izena du toki hark. Garaiko kamisetak, kartelak eta argazkiak lortu dituzte, eta baita etxe okupatuko bizilagun izandako Detritus artistaren margolan batzuk ere. Zapatariko kide izandako pertsona baten testigantza ere entzun daiteke audio batean: “Elkar babesten genuen. Gure leloa zen: Ez jainkorik, ez jaberik, ez senarrik, ez alderdirik. Eta bizitzea luxu bat bada, okupazioa eskubide bat dela sinesten genuen. Zapatari eskola aske bat zen. Lurra zaintzen genuen, autoedizioa egiten genuen… Garai hartako kultur eszena argitu genuela uste dugu”. Okindegia, josteko tailerra, musika lokala, baratza eta oilategia izan zituzten Zapatarin. Eztanda aldizkaria kaleratzen laguntzen zuten, eta zenbaki batzuk ikus daitezke San Telmo museoan.
Igaran Gallinero taldea ibili zen, pabiloi batean. Tailerrak egiteko lekua behar zuten, eta industria nabe zahar batean lanean hasi ziren belaunaldi bereko hainbat sortzaile: Manu Muniategiandikoetxea, Faustino Aranzabal, Xabier Baztarrika, Iñaki Barea, Pablo Donezar, Andrea Moccio, Asun del Pozo, Laureano Olaetxea…Idoia Unzurrunzagak kolektiboari egindako argazki zahar bat ikus daiteke.
Erakusketa ekainaren 4a arte izango da zabalik.