Erreka taberna, Bidebietakoen etxea
Serapio Mujika pasealekuan bada Bidebietakoentzat kutuna den establezimendu bat: Erreka taberna. Marian Gonzalez Flores eta Diego Valle senar-emazteek daramate, eta mende laurden bat bete berri du. Bai bikoteak eta bai bezeroek argi dute: "Erreka familia bat da".
Auzo gehienetan, ‘auzoko taberna’ bat dago gutxienez. Bakarrik joanda ere, tabernan ezagunen batekin topo egingo duzu, eta, bestela, zerbitzariarekin berarekin solastu zaitezke. Eta, kontsumizioak zentzuzko prezio batean ordainduta. Auzo guztietan dago halako taberna bat gutxienez, eta Erreka taberna da Bidebietan rol hori betetzen duenetako bat.
Hori bertatik bertara egiaztatu ahal izan du hedabide honek, Marian Gonzalez Flores arduradunak (Bidebieta, 1967) bere izenez deitu baititu elkarrizketan zehar tabernara sartu diren bezero gehien-gehienak. Elkarrizketa eten ere egin du adi entzuten ari zen ohiko bezero batek: “Marian gure terapeuta da!”. “Hori elkarren artekoa da”, gehitu du tabernako arduradunak.
Ideia nagusi bat nabarmendu du Gonzalezek elkarrizketa guztian: “Taberna hau familia bat da, elkargune bat”. Bukaeran, kazetariari establezimenduko terraza erakusten ari zitzaiola, “esaiozu zuk nolakoa den Erreka taberna!”, esan dio arduradunak ohiko beste bezero bati. “Familia bat da, onerako eta txarrerako”, erantzun du. Hori izango da, agian, 25 urtez irekita egoteko gakoa.
Familiaren lokala
Gonzalezen ama tabernaren gaineko eraikinean bizi da duela 54-55 urte, eta, hain zuzen ere, familiarena da tabernaren lokala, duela 42 urte: “Gurasoek denda bat izan zuten hemen urte luzez: Denetarik saltzen zuen auzoko denda bat zen: zapatak erostera etor zintezkeen, edo bonbilla bat erostera”.
Gurasoek denda itxi zutenean, denbora tarte batez itxita egon zen lokala, baina bere taberna propioa irekitzea erabaki zuen ondoren Gonzalezek: “Hasieran, nire ahizparekin batera ireki nuen, eta hiru urtez elkarrekin eraman genuen. Gero, ahizpa Iruñera joan zen bizitzera, eta nire koinata egon zen hemen nirekin, beste bizpahiru urtez. Nire senarrak beste taberna batean egiten zuen lan orduan, eta, azkenean, nirekin etorri zen hona”. Gonzalezentzat ere ez zen lehenengo aldia izan ostalaritzaren munduan, guztira 38 baitaramatza sektorean.
Oso auzokoa
Orain Intxaurrondon bizi da Gonzalez, baina bizitza Bidebietan egiten jarraitzen duela dio: “Hemendik ibiltzen naiz, eta hemen kontsumitzen dut, auzoan oso errotuta nagoelako”. Horrela, auzoa nola aldatu den bertatik bertara ikusi du Errekakoak: “Garai batean, auzo gatazkatsua zen, droga asko zegoelako, eta abar. Zentzu horretan, hobera egin du, baina orain auzoa hiltzen ari da. Udalak ez du auzoan inbertitzen, eta gaur egun ez da bideragarria Bidebietan negozio bat irekitzea”.
Bestalde, auzoan horren errotuta egotea “abantaila” izan zen Erreka ireki zutenean: “Jendeak aurretik ezagutzen gintuen, hasieratik etortzen hasi ziren. Izan ere, bezero asko eta ni elkarrekin jolastu gara txikitan, elkarrekin hazi gara”. Askotariko bezeroak ditu Errekak, Gonzalezek azaldu duenez: “Goizetan kafea hartzera datozen irakasleak [ikastetxea ondoan dago], bestelako langileak, gazteak, helduak… Emakume helduak ere etortzen dira, agian beste taberna batera bakarrik joango ez liratekeenak, hona datoz gosaltzera. Azkenean, ezagutzen gaituzte, eta badakite hemen gustura egongo direla”.
Elkartasuna eta auzoko jarduerak
Erreka tabernakoak ez dira kontsumizioak zerbitzatzera eta bezeroekin hitz egitera mugatzen: “Ahal dugun guztian laguntzen dugu. Elikagaien bankuarentzat eta Ukrainako gerrako kaltetuentzat janaria bildu izan dugu, eta Turkiako eta Siriako lurrikarak kaltetuentzako ere janaria biltzen aritu gara berriki, Zaporeakekin elkarlanean. Eta, jendeak oso ondo erantzun du”.
Horrez gain, Txanpontxo jaietan ere parte hartu ohi dutela nabarmendu du, eta baita Bera Bera eskubaloi taldeko lehenengo lagunartea sortu zutela ere: Erreka Laranja. “Duela sei bat urte utzi genuen lagunartea, baina zortzi urte inguruz aritu ginen taldea animatzen”. Hain zuzen ere, tabernaren sarreran lagunartearen argazki bat daukate zintzilik, eta baita 2018ko Txanpontxo jaietan pirata estiloko apainketa onenaren saria irabazi zuteneko diploma ere. Halaber, 1976ko derbian Kortabarriak eta Iribarrek ikurrina atera zuteneko argazkia ere zintzilik daukate, eta istorio berezia dauka argazki horrek: “Kortabarriak berak eman zion senarrari!”.
Pandemia, garairik gogorrena
25 urteotan une onak eta txarrak pasatu dituzte, baina Gonzalezek dioenez, okerrena koronabirusaren pandemia izan zen: “Sei hilabetez itxi genuen, eta ireki genuenean ere soilik terrazan egon zitezkeen bezeroak. Zorionez, bizilagunek utzi zidaten atzeko aldean pare bat mahai gehiago jartzen, eta horrekin aurrera egin ahal izan genuen”.
Garai gogor haietan ere, gauza onak bizi zituzten Errekakoek: “Ireki genuenean, hunkigarria izan zen jendearen erantzuna. Pentsa, batzuek hilabete horietan tabernan hartu ez zituzten kontsumizioen dirua ere eman nahi izan zidaten. Ez nion inori hartu diru hori, baina bi bezerok eskaini egin zidaten. Hori izugarria da; 90 urteko gizon bat etortzea eta esatea, ‘diru hau da hilabeteotan zure tabernan hartu ez ditudan ardoengatik’… ezin da hitzekin azaldu sentitu nuena”.
25 urte, eta gelditzen direnak
Abenduaren 23an bete zituen tabernak 25 urte, eta “festa handi bat” egin zutela gogoratu du Gonzalezek: “Egun guztian zehar, kontsumizio batera gonbidatu genituen bezero guztiak, eta arratsaldean festa egin genuen. Taberna ohiko bezeroen argazkiekin apaindu genuen, batzuk dagoeneko hilda daudenak. Oso egun polita izan zen”.
Hala ere, 25.a ez da ospatuko duten azken urteurrena, Errekak luze jarraituko baitu oraindik, Gonzalezen hitzetan: “Hamar bat urte gelditzen zaizkit erretiroa hartzeko, baina beti esaten dut senarrak lehenago hartzen badu nik ere lehenago hartuko dudala [barrez]. Asko gustatzen zait ostalaritza, baina oso nekatuta nago, honek ordu asko kentzen dizkizulako. Hori bai, energia sobran daukat!”.