Fabrikak, emakumeen patua aldatzeko guneak
Indarra eskatzen duten lanak gizonezkoenak direla esan ohi da sarritan, baina historiaz dakienak badaki hori ez dela beti horrela izan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, emakumeek lan gogorrak egiten zituzten etxean eta handik kanpo. Donostian, Tabakaleraren sorrerak industria arloan lan egiteko atea zabaldu zien emakumeei 1878an.
Tabakalerako zigarrogileak, 1932an. (Argazkia: Kutxaren Fototeka) “Emakumezkoen eta gizonezkoen lanak beti egon izan dira sexuagatik banatuta. Historikoki, emakumeei hainbat lan ematen zitzaizkien, baina ez arinagoak zirelako, gainerako lanetatik banatuta zeudelako baizik”. Lola Horcajo historialari donostiarraren hitzak dira, eta ongi daki zertaz ari den, hark idatzitako San Sebastián. Álbum del siglo XIX liburuan emakumeen lanari atal bat eskaini baitzion. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, gai horri buruzko hitzaldia eskainiko du martxoaren 6an, 18:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Horcajorekin hitzordua egin dugu emakumeek XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran egin zuten lanaren inguruan sakontzeko, eta lanbide tradizionaletatik fabriketara igarotzeko bidea nolakoa izan zen aztertzeko.
Baserriko lanak
Horcajoren arabera, emakumeak gizonen ondoan lanean aritu baziren, soilik baserri giroan izan zen garai hartan. Laiariak, adibidez, gizonak eta emakumeak izan zitezkeen. “Familian egiten zen lan bat zen. Lurra altxatzen zuten gero ereiteko, eta batzuetan ondoko baserrikoekin elkartzen ziren, lana errazago egiteko”, azaldu du historialariak.
Hala ere, emakumeen baserriko lan nagusia etxekoandreak izatea zen batez ere. “Hau da, baserritik herrira produktuak saltzera jaisteaz arduratzen ziren nagusiki”, zehaztu du Horcajok. Emakume horien lana irudikatzeko, La Voz de España egunkarian 1954an Loiolako esne saltzaile batek egindako adierazpenak ekarri ditu gogora: “Amak esne litroa hamar zentimotan saltzen zuen. Egunero oinutsik etortzen zen Bretxako merkatura, abarketak otarrean zituela, eta otarra buru gainean, saltzeko produktuz beteta. Burdinazko emakumeak ziren. Kredoa errezatzen zuen Loiolako zubian. Merkatura etortzen ziren baserritar guztiak han elkartzen ziren errezatzeko. Kreduetako zubiya ere esaten zioten. Denborarekin, asto gainean etortzen hasi ziren, zama arintzen zielarik. Astoaren ondoren gurdia iritsi zen, eta ondoren, automobila”.
Testigantza horretan Bretxako merkatua aipatzen bada ere, Horcajoren arabera, Plaza Berria izan zen Donostiako lehenengo merkatu plaza. XVIII. mendearen hasieran, salmenta ibiltaria egiten zuten emakumeek kaleetan zehar, baina 1722an Plaza Berria eraiki zutenean, eguneroko merkatu plaza bihurtu zen. “Emakume horiek baserritik oinutsik jaisten ziren, eta Donostia 1864ra arte harresituta egon zenez, Lurreko Atera iritsi baino lehen, abarketak eta galtzetak janzten zituzten. Otar handiak buru gainean zituztela, lerro zuzenetan sartzen ziren harresiaren barruan, eta San Jeronimo kaletik Plaza Berriraino joaten ziren”, azaldu du Horcajok.
Plazara iristen zirenean, produktuak jartzeko bankuak hartu, otarrak han utzi, eta elkarrekin gosaltzen zuten emakumeek, txokolate beroa prestatzen baitzieten iristen zirenerako. “Eguerdian plaza jendez gainezka egoten zen, eta baserritarrak etxera itzuli aurretik, beraiek ez zituzten produktuak erosten zituzten: olioa, gatza eta ardoa, adibidez. Horiek erosi ostean, baserrira itzultzen ziren, lanean jarraitzeko”, azaldu du.
Latsariak
Merkatutik baserrira itzultzen zirenean, Donostiako bizilagunen arropak, izarak, mantelak eta antzekoak ere eramaten zituzten baserritarrek otarretan, latsariak ere bazirelako. 1864. urtea baino lehen, Donostiako etxeetan ez zegoen urik, eta iturrietara joan behar izaten zuten ur bila. “Hori dela eta, oso zaila zen arropa garbitzea, ur asko behar zelako, eta askotan, distantzia handia zegoelako etxetik iturrira. Beraz, baserrietara eramaten zuten, ibaiaren ibilgutik gertuago zeudelako, eta errazagoa zelako bertan garbitzea”, adierazi du Horcajok.
Historialariaren arabera, agian arropa astelehenetan batu eta larunbatetan garbituta eta lehortuta itzultzen zieten jabeei. Baserritarrei ordaindu egiten zieten horregatik, baina gaizki ordaindutako lana zen, eta ordu asko eskatzen zuena. “Latsariena lan antolatua zen. Taulekin jaisten ziren ibaira, arropa uretan uzten zuten, xaboiarekin igurtzi, eta berriro ere urarekin xaboia kendu behar izaten zuten. Ondoren, belarraren gainean uzten zuten lehortzen”, nabarmendu du.
Latsariek lixiba ere egiten zuten. “Lixibarekin arropa zuritzen zuten, eta horretarako, errautsa erabiltzen zuten. Lixiba produktuaren ordez —nahiz eta hori ere erabili— suaren errautsak ur beroarekin nahasten zituzten, eta arropari zikinkeria kentzen zioten horrela”, azaldu du Horcajok.
Aurrerago, XX. mendearen hasieran, latsarri publikoak jarri zituzten Donostian, ur kantitate handia behar baitzen denen arropa garbitzeko. Horrekin batera, auzotarrak hasi ziren euren arropak latsarrietan garbitzen, eta hori emakumeek “duela gutxira arte” egin izan duten lan bat dela dio Horcajok: “Nire lagun batzuk moilan bizi ziren, eta latsari bat zuten etxean, arropa jaso eta moilako latsarrian garbitzen ziena. 1960. urteaz ari naiz, gutxi gorabehera”.
Urketariak
Ura hizketagai izanda, urketarien lana ere nabarmendu behar da. Arestian esan bezala, Donostiako etxeetan ez zegoen edateko urik garai hartan, eta ura etxera eramatea ere emakumeen esku uzten zuten. “Erantzukizun handiko lan bat zen, noski, zeukaten uraren kalitatearen araberakoa baitzen familiaren osasuna ere. Kalitatezko ura izatea funtsezkoa zen, izan ere, XIX. mende osoan zehar etengabeak izan ziren tifus eta kolera epidemiak”, azaldu du historialariak.
Donostian, XIX. mendearen erdialdera arte, 1847ra arte, iturri bakarra zegoen ia 9.000 pertsonako biztanleriarentzat. Lehoiaren iturria zen hori, harresiaren barruan Lurreko Atetik gertu zegoena. “Lehoi hori Lasala plazan dago gaur egun”, oroitu du Horcajok. Urketariak bertara joaten ziren upelekin, eta urez bete ondoren, buruan eramaten zituzten etxeraino.
Hala ere, aipatutako iturritik irteten zen ura Morlansko ubidetik iristen zen, eta bidetik zikinkeriarekin nahasten zenez, ez zen oso garbia izaten. “Beraz, ur ona nahi zutenek, Amarako Osasunaren iturrira edo Txofreko iturrira joan behar izaten zuten. Hara iristeko, imajinatu nolako ahalegina egin behar izaten zuten”, zehaztu du.
1847tik aurrera, beste hainbat iturri jarri zituzten Donostian, eta ura Morlanstik ekarri beharrean, Uliako iturburutik ekartzen hasi ziren, kalitatea hobetuz. Garai horretan Donostiako zabalguneak eraikitzen hasi ziren, eta baita ura etxeetaraino kanalizatzen ere.
Inudeak
Emakumeentzat gordeta egon izan den beste lan bat haurren hazkuntza izan da. Bi motatako inudeak zeuden XIX. mendean: hazkuntza amak, duela gutxi ama izandakoak eta haurrei bularra ematen zietenak; eta ama lehorrak, haurrei bularrik ematen ez zietenak. “Janzteko moduari dagokionez, desberdintasun nabari bat zegoen: hazkuntza amek kofia buru gainean eramaten zuten, eta bularrik ematen ez zutenek atzean, behean”, zehaztu du Horcajok.
Hazkuntza amak kontratatzeko arrazoiak hainbat izan zitezkeen: ama batzuk ezin zituzten euren seme-alabak hazi, hil egin zirelako, esnerik ez zutelako, gaixorik zeudelako, edo umeak amaren esneari uko egiten ziolako, besteak beste.
Inudeen lanaren garrantzia kontuan hartuta, ongi ordaindu ohi zieten, eta gainerako etxeko zerbitzuko langileek baino estatus hobea zuten. “Inudea ez zen zerbitzari soil bat, izan ere, hari ere arropa garbitu eta plantxatzen zioten, esaterako. Inudea haurraz arduratzen zen, eta listo. Familiaren gizarte klasea inudearen araberakoa zen. Udako oporretara ere eramaten zituzten inudeak, eta euren jatorriaren arabera, modu batera edo bestera janzten ziren. Askotan, inudeak arduratzen ziren jaioberriak bataiarrira eramateaz ere”, azaldu du.
Goi klaseko jendeak etxean hartzen zituen inudeak, baina Donostiaren kasuan, nahiko ohikoa izaten zen haurrak baserrietara bidaltzea, bertako emakumeek hazteko. Horrelako kasu bat ezagutu zuen behin Horcajok: “Koldo Mitxelenan erakusketa egin genuenean, gizon batek esan zuen trauma moduko bat zuela ez zelako bere amarekin hazi. Amak taberna batean egiten zuen lan, eta ezin zuen semea zaindu. Beraz, haurra baserri batera bidali zuten, eta bertako emakumeak hazi zuen. Donostian askotan gertatzen zen hori, eta kaleko haurrak eta baserrikoak batera hazi eta hezten zituzten, benetako anai-arrebak bailiran”.
Bestalde, nobleziako jendeak haurrak eduki baino lehen ere bilatzen zituen inudeak, “badaezpada”. “Emakume osasuntsuak zeuden lekuetara joaten ziren inude bila; mendira, adibidez. Ohikoa zen inudea Euskal Herrikoa, Kantabriakoa, Asturiaskoa edo Burgoskoa izatea, eta noski, ezkonduak eta moral onekoak izan behar ziren”, azaldu du Horcajok.
Itsasoko lanak
Baserri giroan ez ezik, itsasoarekin loturiko lanak ere egiten zituzten emakumeek XIX. mendean. Donostiako moilari Jarana auzoa esaten zitzaion lehen, eta arrantzaleen familiak bizi ziren bertan. “Sutearen ostean Donostia berreraiki zutenean eraiki zuten auzo hori, Donostiak harresia izaten jarraitzen zuelako, eta Itsasoko Atea itxi baino beranduago itzultzen ziren arrantzaleak kanpoan ez geratzeko auzo hori egin zuten”, adierazi du.
Jarana auzo horretan lan desberdinak egiten zituzten emakumeek. Arrantzaleak sardinekin iristen zirenean, emakumeek kaian sardinak deskargatzen zituzten, eta jarraian, gatzatu egiten zituzten. “Erregistratuta dago, baita ere, emakumeek oinez portutik barnealdeko herrietara eramaten zituztela sardinak, bertan saltzeko. Arrain freskoa otarrean sartzen zuten, eta ahalik eta azkarren iristen saiatzen ziren. Esaten dute Donostiatik Tolosara iristen zirela oinez. Presaka joaten ziren, beraiek lehenengoak izateko eta bezeroek arrain dena beraiei erosteko”, azaldu du historialariak.
Itsasoarekin lotuta, Kontxako hondartzan ere emakumeek lan garrantzitsuak burutzen zituzten. Bi lanbide nabarmendu daitezke kasu honetan: bainuzainak eta etxolazainak. Lehenengoak, gainera, aitzindariak izan ziren Donostian. “Zarautzen eta Miarritzen gizonezkoak izaten ziren jendeari bainua hartzen laguntzen zietenak, baina Donostian, emakumeek laguntzen zieten emakumeei bainua hartzen”, nabarmendu du Horcajok.
Udaletxean 1835ean daude erregistratuta lehenengo bainuzainak, “baina badakigu lehenago ere bazeudela”, dio historialariak. Urte horretako agiri batean jasotzen denez, udaletxeak zortzi etxola jarri zituen Kontxako hondartzan, eta horietako sei emakumeentzat ziren, “zerbitzu hori gehien eskatzen zutenak zirelako”. Hondartzan, alde batean gizonezkoen eremua zegoen, eta beste aldean, emakumezkoena. Horrek 1913ra arte iraun zuen horrela.
Jendea etxola horietan sartu, arropa aldatu, eta uretara joaten zen etxolan sartuta, bainua hartzera. “Horrekin lotuta, bazegoen beste ogibide bat ere, etxolazainena. Horiek etxolak txukun mantentzeaz arduratzen ziren, garbiak eta ordenatuak izateaz. Etxola guztiek toaila, palankana, ur geza, pertxa, eserlekua eta arropa lehortzen jartzeko eremua izan behar zituzten”, adierazi du.
Bitxikieria gisa, badago 1846 inguruko idatzi bat zeinetan Donostiako emakume bainuzainek udalari eskatzen dioten gizonezko bainuzainak emakumeen eremura sartzeko baimena, etxolak uretatik ateratzen laguntzeko. “Eta ez da emakumeek ezin zutelako, baizik eta etxola bustiek sekulako pisua zutelako, eta gizonen laguntzaz errazago ateratzen zituztelako”, zehaztu du.
Emakumeak fabriketan
Lehenengo Karlistaldia amaitu zenean, Gipuzkoan lehenengo industrializazioa hasi zen. Emakumeak fabriketan lanean hasteak ziurgabetasuna eta mesfidantza eragiten zuen garai hartan, 1850 inguruan. “Emakumeek sekulako mesfidantza jasan behar izan zuten gizonen partetik, izan ere, horientzat sekulako izugarrikeria zen emakumeak etxe girotik aldentzea. Ez balitz lanbide tradizionalak baino hobeto ordaindutako lan bat izango, emakumeak ez lirateke fabriketara joango”, azaldu du Horcajok.
Emakumeak eskatzen zituzten fabrika gehienak iruleenak ziren hasiera hartan. San Sebastián. Álbum del siglo XIX liburuan jasotzen denez, 1860an Frederic Le Playk txosten bat idatzi zuen lehenengo fabriketako bizimodua azalduz. Hain zuzen ere, Brunetarren Oriako ehungintzako fabrikan nola egiten zuten lan idatzi zuen, bertako giroak barnetegi bat gogorarazten ziola azalduz: “Langileei ezartzen zaien diziplinak establezimendu erlijiosoen diziplina gogorarazten du. Adibide nabarmen bat ikusi da Oria gainean dagoen irute eta ehuntze lantegi batean, Donostiatik gertu. Etxebizitza guneetatik urrun samar daudenez, neskak —beraiek dira bertako langile guztiak ia— logela komun batean oheratzen dira. Bostetan jaikitzen dira eta, erlijioarekiko betebeharrak bete ondoren, lanean hasten dira. Egunean zehar, hiru atsedenaldi egiten dituzte, otorduetarako. Atsedenaldi horietan, eremu estalietan egiten direnak, neskak elkarrekin hasten dira herrialdeko kantu eta dantzetan, horiek baitira beraien distrazio nagusiak. Arratsaldean, zortziak eta erdietan, logeletara igotzen dira, eta bederatziak eta erdietan, argi guztiak itzaltzen dira eta isiltasuna ezartzen da […]. Larunbatetan, hiruretan eteten da lana, eta, makinak eta tailerrak garbitu ondoren, laurak aldera, gurasoen etxera joan daitezke; bertan ematen dute igande osoa”.
Horcajoren arabera, fabriketan emakumeen soldata gizonezkoena baino baxuagoa zen, nahiz eta emakumeak gehiengoa izan. Gainera, emakumeentzat aldi baterako lana izaten zen fabriketakoa, ezkondu ostean, haurrak izan eta haien zaintzaz arduratzen zirelako.
Donostian, Tabakalera izan zen emakumeen fabrikarik garrantzitsuena. Erdigunean kokatuta zegoen fabrika bakarra zen, eta Garibai kalean zegoen, gaur egun Kutxaren eraikina den horretan. Bertan egon zen 1878tik 1913ra arte. “Emakume zigarrogile asko eta asko biltzen ziren Tabakaleran. XIX. mendearen bukaeran, 800 emakume egon zitezkeen bertan lanean”, zehaztu du.
Bertan ere, gizonezkoen kontrola nabaria zen. Historialariaren arabera, zigarrogileek gizonezko atezain bat zuten Tabakalerako sarreran, eta emakume guztiak sartzen zirenean, atea giltzaz ixten zieten inor ez pasatzeko eta kanpoaldearekin harremanik ez izateko. Horren harira, hausnarketa bat plazaratu du Horcajok: “Imajinatu nolako irudi polita izango zen emakumeak fabrikatik elkarrekin ateratzen ikustea, aske, giltzapean egon ostean”.


