6.000 emakume batu ditu aurtengo Lilatoiak
33. Lilatoia egin da Donostian, eta inoizko jendetsuena izan da. 6.000 emakumek hartu dute parte, iaz baino 1.000 gehiagok.
Inoizko jendetsuena izan da. 6.000 emakumek hartu dute parte, iaz baino 1.000 gehiagok. Goizean goizetik sekulako giroa izan da Donostian, lasterketa hasi aurretik korrikalariek zumba beroketa saioa egiteko aukera izan baitute Bulebarrean. Gorputza berotu ostean, helmugara gerturatzen hasi da jendea, Lilatoirako lekua hartzeko.
10:25ean eman zaio hasiera lasterketari, esku bizikletarekin abiatu diren emakumeen eskutik. Sekulako animoak eman dizkiete gainerako korrikalariek, eta baita Lilatoia ikusten ari zen jende guztiak ere. 10:30ean gainerako korrikalari guztiak abiatu dira helmugatik, eta bost kilometroko ibilbidea egin dute. Lasterketan zehar, txarangaz eta Kursaal parean zegoen batukadaz gozatzeko aukera izan dute parte hartzaileek, besteak beste.
Azkenean, Nerea Egia Larrinaga izan da helmugara iritsi den lehenengo emakumea, eta 17 minutu eta 45 segundo behar izan ditu bost kilometroko ibilbidea osatzeko. Gainerako parte hartzaile guztiak ere pozik eta hunkituta iritsi dira helmugara, elkarri eskutik helduta batzuk, eta txaloka besteak.
Lilatoiari amaiera emateko, Lilapotea egin dute eguerdian Parte Zaharrean, trikiti eta pandero doinuek lagunduta.