Hitza taldeak ere hartu du parte Lilatoian
Aurten ere Irutxuloko Hitzak beste eskualdeetako Hitzekin batera taldea antolatu du Lilatoirako. Hitza taldean, Donostiako emakumeek ez ezik, Zarauzko, Errenteriako eta Oiartzungo Hitzakideek ere hartu dute parte. Goizeko 09:30ean elkartu dira Ramon Labaien plazan, eta bakoitzak bere Hitzako kamiseta hartu ostean, talde argazkia egin dute elkarrekin.
Lilatoian Hitza taldearekin ateratzen ziren lehenengo aldia zen batzuentzat; besteek, aldiz, ohitura dute urtero talde honekin parte hartzeko. “Iaz etorri nahi genuen, baina gaixo jarri nintzen, eta, beraz, aurten nahitaez Hitza taldearekin parte hartu behar dudala erabaki dut”, adierazi du Errenteriako emakume batek. Denak gogotsu zeuden Lilatoirako, eta gustura abiatu dira Bulebarrera, Hitzako kamisetak soinean.