Omenaldia egin diote Grosen Xipri Muñagorri militante historikoari
Otsailean zendu zen Xipri Muñagorri Dorronsoro, Groseko ezker abertzaleko militante historikoa. Omenaldia egin diote gaur auzoan, eta hamarnaka lagun elkartu dira Muñagorri oroitzeko. Besteak beste, aurreskua dantzatu eta topa egin dute haren alde.
1933an Elduaienen (Gipuzkoa) jaioa, Herri Gaztedi erakundeko kide izan zen. Nazioarteko Erakunde Katolikoak zuen Nekazarien eta Landa Gazte Katolikoen Nazioarteko Mugimenduaren euskal atalak jaso zuen euskarazko izena zen Herri Gaztedi. Gipuzkoan bi kontsiliario zituen, Martin Zamora eta Xipri Muñagorri, 1972ra arte Gazte euskal aldizkaria argitaratu zuen, elizako sektore kontserbadore batek “legez kanpoko propaganda” bezala salatu zuena.
1970eko hamarkadan, Euskal Herritik alde egin behar izan zuen, errepresioaren beldur, eta Bartzelonara joan zen. Han egon zen hogei urtez, harri eta marmol enpresa batean.
Euskal Herrira itzultzean, Grosera joan zen bizitzera, eta bertako mugimendu politikoetan aritu zen.