"Alferrik da Martxoaren 8an fokua sektore feminizatuetan jartzea, hurrengo egunean ez badugu borrokan jarraitzen"
Martxoaren 8aren harira, lan sektore feminizatuetako lan gatazken berri eman diote hedabide honi Oihane Bakedano eta Haizea Solagurenbeaskoa LAB sindikatuko kideek, eta nabarmendu dute Martxoaren 8tik harago, egunero borrokatu behar dela.

Zer lan gatazka daude sektore feminizatuetan Donostian? Zenbat langile daude sektore horietan?
Oihane Bakedano (O.B.): Sektore feminizatuak lan esparru zabala hartzen dute eta ez dugu datu zehatzik, badakigu zaharren egoitzak, etxez etxeko laguntza, etxeko langileak eta aniztasun funtzionaleko zentroetan langile gehienak emakumeak direla, soldata baxuagoak dituztela eta, oro har, baldintza kaskarragoak dituztela. Lan baldintzei dagokionez, lan karga handiak jasaten dituzte, legeak ezartzen dituzten ratioak itota daude, ez dute balio zaintza lanak era duinean burutzeko, zaharren egoitzetako erabiltzaileak geroz eta baldintza txarragoetan edo mendekotasun handiagokoetan iristen dira, behar handiarekin, eta langileei ezinezkoa zaie kalitatezko arreta ematea. Edonola ere, dena ematen dutela aitortzen zaie erakunde publikoetatik eta patronaletatik, noski, ezin kontrakoa esan, nahiz eta horrek ez duen ekarri lan baldintzen eta soldaten hobekuntza handirik.
Zaharren egoitzetan, UGTren hitzarmenaren ondoren, soldata igoera txiki batzuez gain, beste guztia alboratuta geratu da. Bestalde, ratioena gai larria da, ez dago erizain nahikorik, eta hori arazo bat bihurtzen ari da langileentzat, lan karga handitzen zaielako. Beraien lanaren errekonozimendu errealik ez da eman. Gure apustua orain zentroz zentro hitzarmen duinak borrokatzea da. Hauteskunde epealdi trinkoan gaude eta horrek ere baldintzatzen gaitu.
Haizea Solagurenbeaskoa (H.S.): Garbiketaren kasuan, esaterako, hiru gatazka daude irekita: alde batetik, Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuena, EAEko osasun zentroetako azpikontratatuko garbiketa zerbitzuari eragiten diona. Donostiaren kasuan, anbulatorio, erresidentzia eta ospitaleei eragiten die. Bost urteko negoziaketa baten ostean, homologazioa bermatu gabe jarraitzen dute, hitzarmenak bermatu behar dituen eskubide batzuk –Osakidetzako garbitzaileen baldintza berak izatea– ez dira errespetatzen. Horrela, administrazio publikoarekin ez ezik, enpresa kudeatzailearekin negoziatu behar da, eta hor etekin ba ateratzeko asmoa dago, langileen kontura. Lan berdina egiteagatik, baldintza desberdinak dituzte Osakidetzako garbitzaileek eta azpikontratatuek. Gainera, pandemian ikusi dugu ezinbestekoa dela osasun zentroetako garbiketa, osasun zentroa izatetik arrisku zentro izatera pasatu daitekeelako bestela.
Bestetik, aldundiaren zentroetako garbiketa zerbitzuko langile azpikontratatuen gatazka dago. Honek Gipuzkoako hainbat zentrori eragiten die, eta, Donostiaren kasuan, Ogasunaren eraikinari eta suhiltzaileenari. Ostegunero mobilizazioak egiteko asmoa dute, hitzarmena ez dagoelako sinatuta, eta patronalaren eta administrazio publikoaren aldetik eros ahalmena bermatzeko mugapenak daudelako.
Hirugarrenik, eraikin eta lokaletako garbitzaileen gatazka dago. Ez dira soilik udalaren espazioak garbitzen dituzten langileak, baizik eta baita bulegoak, atariak edo dena delakoak garbitzen dituztenak ere. 2018tik, soldatak izoztuta dituzte, eta partzialtasun handia dute, soldatak oso baxuak izan daitezkeelarik. Lanaldi oso batera iristeko zailtasunak izan ohi dituzte, eta askotan enplegu bat baino gehiago hartu behar izaten dute askotan.
Merkataritzaren kasua ere aipatu nahiko genuke, hein handi batean feminizatutako sektorea delako. Batzuek, borrokaren bidez, hobekuntzak lortu dituzte, eta aipatzekoa da ehungintzaren kasua. Baina, elikaduraren arloko langileak, pandemian lehen lerroan egon direnak, ez daude egoera onean. 2022an hasi ginen hitzarmena negoziatzen, eta enpresek ez dute eros ahalmena bermatzeko asmoa ere. Borroka hori aktibo dago, eta supermerkatuei eragiten die gehienbat. Zoritxarrez, eros ahalmena borrokatzea izaten ari da orain gure oinarrizko borroka.
Zer desberdintasun daude sektore feminizatuetako gatazken eta beste sektoreetako gatazken artean?
H.S.: Alde batetik, eros ahalmena bermatzea borrokatu behar izatea, aipatu moduan. Bestetik, soldata arrakalarena dago. Otsailaren 22a soldata arrakalaren aurkako eguna izan zen, eta atera ziren datu batzuk, erakusten zutenak lan berdina edo oso antzekoa egiteagatik 6.000 euroko aldea egon daitekeela gizon baten eta emakume baten artean. Eraikin eta lokaletako garbitzaileen kasuan oso adierazgarria da hori: kale garbitzaileen eta eraikin eta lokaletako garbitzaileen artean %30eko desberdintasun batez hitz egin dezakegu. Eta, arrakala horrez gain, partzialtasun handiago dago, sektore feminizatuetan zailtasun handiagoak daudelako lanaldi oso batera iristeko.
O.B.: Bestalde, zerbitzu minimo altuak ezartzen direnez eta zaintzan pertsonekin ari garenez lanean, langilearen presio tresnak oso baldintzatuak daude, ez da berdina torloju produkzio bat gelditu edota pertsonak zaintzeari uztea, hori ezinezkoa egiten zaigu, zaintza lanak geratzea ezinezkoa zaigu. Eta hori badakite patronalak eta erakundeek. Eta, hortaz aprobetxatzen dira, zaintza lanei merezi duen aintzatespena eta errespetua erakutsi ordez. Horrek ekartzen ditu beste ondorioak batzuk. Era berean, kontratazio motetan ere antzematen da desberdintasuna, kontratazio partzialak ematen baitira nagusiki, eta aldi baterakoak. Espainiako Gobernutik lanaldi finkoa sustatzeko lan erreforma burutua, ematen ari dena da kontratu finko gehiago egiten ari direla, baina oso txikiak, asteko hamar ordukoak, adibidez, edo %50ekoak; inoiz ez %100ean. Orokorrean, sektore guztian komunean izan ditzakegun aldarrikapenak daude: soldatak KPI-aren arabera eguneratzeko bermea eta ratioak, bereziki.
Azken urteotan hobetu da lan sektore feminizatuen egoera?
H.S.: Langileen kontzientziazioaren eta antolakuntzaren eremuan bai hobetu da egoera. Nik uste dut Euskal Herriko mugimendu feminista bizirik dagoela, eta mugimendu sindikala eta langile mugimendua ere aktibo dabiltzala, eta borroka hori kalean egoteak ekartzen duela norberak hausnarketak egitea, kontzientzia hartzea, antolatzea eta borrokatzea. Patronalen aldetik, aldiz, hitz asko daude, baina ekintza gutxi. Ahoa betetzen zaie soldata arrakalaren kontra eta sektore feminizatuen eskubideen alde, baina negoziatzeko orduan ez dira hitzetatik ekintzetara pasatzen.
Martxoaren 8ari begira zer lanketa egin duzue? Zer asmo dituzue?
O.B.: LABetik sektore guztiarentzat aldarrikatzen ari garena da benetako aitortza, soldatetan eta lan baldintzetan nabari dadila, KPI-a eta ratioak, alde batetik. Bestetik, zaintzak zerbitzu publikoa dira, herritar guztiok jasotzeko eskubidea dugun zerbitzu anitzen eta desberdinen sistema (adinaren arabera, edota egoera zaurgarri ezberdinak direla eta, bizitzan zehar beharko ditugunak), eta diru publikoarekin finantzatzen dira, zerbitzu publikoa izan behar dute, zerbitzu publikoen baldintzetan.
H.S.: Lankideak esandakoari gehitzeko, esan nahiko nuke egunero dugula Martxoaren 8a. Agian Martxoaren 8an ikusgarritasun gehiago dauka genero ikuspegitik egiten den lanketak, baina gu eguneroko lanketa batean murgilduta gaude. Eta, inurri lan horretan jarraitzea tokatzen zaigu. Hala ere, alferrik da Martxoaren 8an fokua sektore feminizatuetan eta halakoetan jartzea, hurrengo egunean ez badugu borroka honetan jarraitzen edo domina jarri duten horiei ez badiegu aurpegiratzen euren jarrera hipokrita.