Nekane Arzallusen dimisioa eskatu du Ancorak, Aldamar kaleko eraisketaren harira
Bota dute dagoeneko Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikinaren zatirik handiena, eta Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu du horregatik.
“Donostiak bere beste izkina bereizgarri bat galdu berri du: Aldamar eta Iñigo kaleen artekoa, higiezinen negozioaren mesedetan sakrifikatua. Espekulazio operazio baten bidez, 1889ko harrizko eraikin bat eraitsi dute, hormigoizko beste bloke bat eraikitzeko, pisu gehigarriekin”, deitoratu du Ancorak.
Ancorak hainbatetan salatu du eraikina ez babestu izana, eta ildo beretik jo du orain ere: “Eraikin berriaren zati bat hareharrizko xaflez estaliko da, XIX. mendeko itxura duten begiratokiak erantsiz, ondare galera ezkutatzeko. Emaitza partxe historizista bat da. Operazioa, ziur aski, eraikin mugakidearen eraispenarekin borobilduko dute (Aldamar kalea, 3), udal jabetzakoa baita”.
“Horrelako jarduerak espoliazio basatia dira, eta demokraziaren aurreko garaietara garamatzate, babes katalogorik ez zegoen garaietara. Fatxaden kontserbazioa inposatu ez izanak gure hiri nortasunarekiko erabateko errespetu falta erakusten du. Lotsagarria da udalaren jokabidea, eraistea baimentzeko gai baita, Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzaren eta udal arkitektoaren beraren aurkako txostenekin”, gaineratu du elkarteak, eta Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatzen dutela nabarmendu dute.
XIX. mendeko eraikina
1889koa da Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina, eta Domingo Ezeiza lan maisuak egin zuen. Egurrezko egitura eta hareharrizko fatxada dauzka, eta eraiki zenean, harresi zaharra zuen oinarri, orduan oraindik ez baitzegoen eraitsita eremu horretan. Besteak beste, Rekalde taberna ezaguna zegoen eraikin horretan. Ancorak hainbatetan salatu duenez, Viviendas Lanin S.L. enpresak hormigoizko eraikin bat egin nahi du hor, gaur egungoak baino hiru solairu gehiago eta lur azpian hamabi aparkaleku plaza izango dituena.