Udal gobernuak alegazio guztiak baztertu ditu BCCren hirigintza proiektua onartzeko
Biharko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dute U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren plan berezia. Hau da, Basque Culinary Center fundazioak Gastronomy Open Ecosystem (GOe) izeneko bere bigarren egoitza Grosen eraiki ahal izango du. Dena dela, udalbatzak eman beharko dio behin betiko onarpena Manteoko hirigintza proiektuari. BCCk iazko maiatzean aurkeztu zuen Olatuen bidea izenarekin.
Udal gobernuak aurkezturiko alegazio guztiak baztertu ditu, txosten teknikoetan oinarrituriko argudioak erabilita. Ulia Auzo Elkarteak eta hainbat herritarrek 500 alegazio baino gehiago aurkeztu zituzten iazko uztailean. Horiek denak ezeztatuta, Groseko Okendo Alde eremua zeharo eraldatuko du udalak.
26 milioi euro
BCCren egoitzak 3.863 metro koadroko azalera izango du, eta 22,5 metroko altuera. Lur azpian bi solairu izango ditu, eta hiru lur azalean. Okendo Alde eremuko plan bereziak, 2010eko HAPOaren arabera, gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzak aurreikusten ditu. Udal gobernuak, ordea, BCCren bigarren egoitza plan berezi horretan sartu du.
Hilabete honetan hasi behar zituzten obrak, baina hirigintza proiektuaren tramitazioa luzatu izanak dena atzeratu du. Horiek horrela, lanak aurten hastea aurreikusten du BCCk. Aldiz, 2026rako irekita egotea espero dute. Guztira, 26 milioi euro inguruko kostua izango du Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinak. Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro jarriko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euro eta BCCk bi milioi.