"Feminista izan naiz beti, eta aldarrikapenak egiten genituen emakumeok oso gaizki ikusita geunden"
Begoña Amunarriz Olano (Parte Zaharra, 1948) Espainiako Barne Ministerioak izendatutako Kudeaketa Batzordearen bidez iritsi zen Donostiako Udalera 1978an, EAJren postu bat ordezkatzeko, 1979an demokraziako lehenengo hauteskundeak egin ziren arte.
1936ko gerraren ondoren, Amunarrizen aita gudaria izan zen, eta Frantzian erbesteratuta egon zen. Ondoren, frankisten kontzentrazio esparru batean sartu zuten. Bere amak urte batzuk eman zituen kartzelan gerra garaian. Frankismo garaian protesta, manifestazio eta euskal propaganda abertzale banaketan parte hartu zuen Amunarrizek. Iruñeko 1967ko Aberri Egunean parte hartzeagatik atxilotu egin zuten. Donostiako Udaleko bere agintaldiko azken hilabeteetan alkateorde izan zen, eta ondoren, 1980an, Eusko Legebiltzarrera sartu zen, beste hiru emakumerekin batera. Bere lan parlamentarioa emakumearen eskubideen defentsan oinarritu zen batez ere, hala nola, Euskal Herriko emakumearen egoerari buruzko Liburu Zuria egitea eta garai hartan arantzatsuak ziren gaiak defendatzea: dibortzioa, emakumeak goi-karguetara iristea, emakumeak Ertzaintzan sartzea edo abortua despenalizatzea.
Frankismoaren ostean, nola sartu zinen Donostiako Udalean?
Barne Ministerioak izendatutako Kudeaketa Batzordetik etorri nintzen EAJren leku bat hartzeko, 1978an. Donostian alderdi politikoek erabaki genuen ez itxarotea udal hauteskundeei, baizik eta zegoen korporazio frankista kanpora botatzea. Beraz, 1978ko irailaren 20an Donostiako alderdi demokratikoak bildu ziren, eta korporazio frankista kanporatzea erabaki zuten. Handik lau egunera, dimisioa eman zuen hemen gelditzen zen alkate frankistak, Fernando Otazuk, eta bere talde osoak. Orduan gu sartu ginen, hauteskundeak egin ziren arte.
Nolakoa zen orduan Donostiako egoera?
Dena oso gaizki zegoen, frankismoaren bukaera zelako. Ez zegoen dirurik, eta bai udaletxea eta baita Donostia ere gainbeheran zeuden. Goitik behera berritzen hasteko beharra zuen Donostiak.
Zer egin zenuten horri buelta ematen saiatzeko?
Ni auzo guztietara joateaz arduratu nintzen batez ere, eta txosten bat egin nuen auzo horiek guztiak nola zeuden azaltzeko. Diagnostiko bat egiteko egin nuen hori, baina oraindik ez zegoen dirurik. Hemen gauzak aldatu ziren, batez ere, Ekonomia Ituna martxan jarri zenean, eta hori beranduago etorri zen. Ni soilik Kudeaketa Batzordean egon nintzen, eta gero, Legebiltzarrera pasa nintzen. Beraz, bolada txiki horretan egin nuen lan hemen. Hala ere, hurrengoak sartu zirenean, Ekonomia Ituna martxan jarri arte, oso diru gutxi zegoen gauzak egiteko. Gero gauzak aldatu ziren, eta orain Donostia askoz hobeto dago, baina guk modu penagarrian topatu genuen.
Auzo elkarteek txosten hori egiten lagundu zizutela aipatu duzu. Nolako ekarpena egin zuten?
Diktaduran ez zegoen aukerarik alderdi politikoak egoteko, eta auzo elkarteek lan egiten zuten auzo bakoitzean ahal zutena egiteko. Hori guretzat oso garrantzitsua izan zen, izan ere, auzotarrekin bilera horiek egitera joaten ginenean, beraiek ziren informazio gehien zeukatenak.
Txosten horrek demokraziarako bidean lagunduko zuela pentsatzen dut, ezta?
Bai, guk txosten hori udaletxean utzi genuen, gure ondoren zetozenek esku artean izan zezaten, eta horretan oinarrituta lan egin zezaten.
Emakume gisa, nolakoa izan zen zuretzat politikan sartzea udaletxean?
Oso gogorra, eta ez udaletxean bakarrik. Garai hartan, gizarte osoa zen orain baino askoz okerragoa. Ni feminista izan naiz beti, eta aldarrikapenak egiten genituen emakumeok oso gaizki ikusita geunden, arazoak sortzen genituelako. Gure helburua gauzak aldatzea zen. Adibidez, nik aldatu nuen Donostiako araudia emakume udaltzainak sartzeko, eta oztopo asko jarri zizkidaten. Hala ere, hori gauza guztiekin gertatzen zen, jende gehienak gauzak zeuden bezala utzi nahi zituelako. Gizartean, gehienetan, inertzia hori egoten da: oso zaila izaten da elurra dagoenean elurra kentzeko makina bat izatea, metaforikoki hitz eginez. Hori da bolada hartan emakume feministoi tokatu zitzaiguna.
Zer izan zen zailena zuretzat udaletxeko langile gisa?
Ez nuke ezer berezirik aipatuko, baina gauza asko egiten saiatu nintzen. Gainera, orduan, etorri ginenetako inork ez genuen pezeta bat bera ere kobratu. Esan nahi dudana da, etorri ginen denok etorri ginela lan egin nahi genuelako, eta Donostiari laguntzeko.
Legebiltzarreko lehenengo emakumeetariko bat ere izan zinen.
Bai. Gipuzkoan bosgarren nindoan, eta legebiltzarrean eserleku bat lortu zuen lehenbiziko emakumea izan nintzen. Salto hori oso garrantzitsua izan zen, historian lehenengo aldia izan zelako EAEn Legebiltzarra genuela. Oinarrizko lege guztiak zeuden egiteko, eta denak atera genituen aurrera. Oso momentu garrantzitsua izan zen.
Ordutik hona gauzak nola aldatu diren ikusteko aukera izan duzu. Gaur egun, nola ikusten duzu emakumeen egoera?
Gauza asko aldatu egin dira, eta askoz hobeto gaude orain, baina oraindik bide erdian gaude. Hemen bertan, udaletxean, oraindik emakumezko alkaterik ez dugu izan, orain arte emakume guztiak zinegotziak izan direlako. Egia esan, uste dut boterera iristea izango dela gauzarik gogorrena emakumearentzat. Emakumeenganako indarkeriarekin eta orokorrean emakumeekin dauden arazo guztien sustraia da gizartean boteretik urrun egon garela. Lortzen dugunean boterean eta berdintasunean egotea, orduan aldatuko dira gauza asko.