Hamar konpromiso, udalean berdintasuna lantzen jarraitzeko
Donostiako udalbatzak erakunde adierazpena onartu du Martxoaren 8aren harira. Hasiera batean Alderdi Popularrak onartu ez bazuen ere, alderdi guztiak egon dira agerraldian, eta guztien artean irakurri dute adierazpena. Egoeraren irakurketa egiteaz gain, hamar konpromiso hartu dituzte udal taldeek.
Adierazpenean jasotzen denez, azken urteotan “nahiz eta aurrerakuntzak izan diren, munduko herrialde gehienek ez dute genero berdintasunik lortu, eta gutxi batzuk bakarrik ezarri edo bete dituzte sexuen arteko berdintasunean asmo handiko helburuak”. Horregatik, “egungo krisi anitzen testuinguru honetan, gizarte, ekonomia, ingurumen eta gobernantza ereduak birplanteatu nahi dira, berdintasun-arrakalak gutxitzeko asmoarekin, arrakala horiek gizartearen zati handi batentzat handitu direlako eta, batez ere, emakumeentzat”.
Erabakiguneetan eta lidergoan emakumeek hartu beharreko lehentasun papera aipatu dute: “Martxoaren 8 honetan, lehentasunezkoa da emakumeen lidergoak sustatzea, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuta. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da. Emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertu behar da, ez bakarrik ikuspegi formal edo arauemailetik. Emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatu behar ditugu”.
Hauek dira Donostiako Udalak, “bere eskumenen markoan” hartu dituen konpromisoak:
1. Estamentu publiko eta pribatu guztietan emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen duten politikak indartzea, martxoaren 3ko 1/2022 Legean, Emakume eta Gizonen berdintasunerako legearen bigarren aldaketari buruzkoan, ezarritakoaren arabera.
2. Ahalduntze programak eta eskolak baliabide eta leku egokiez hornitzea, eta Emakumeen Etxearen kokapen berri bat bilatzen jarraitzea.
3. Mugimendu feministaren eta emakume-elkarteen parte-hartzea indartzea, Berdintasunaren Kontseilu Sektorialean, erabaki partekatuak hartzeko konpromiso sendo batetik abiatuta.
4. Berdintasun-planen intersekzionalitatea indartzea gure gizartea osatzen duten eremu guztietan, emakumeek beraien aniztasunean duten parte-hartze osoa eta eraginkorra finkatzera iristeko.
5. Zaintza eta bestelako lan feminizatuen sektore profesional prekarizatuak balioestea, eta sektore horri gizarte-balioa aitortzea, bere baldintzak hobetuz.
6. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-klausula sozialak gehitu, lan-arrakalak murrizteko, eta berdintasun-planak ezartzen laguntzea Udalak nolabaiteko kontratu-lotura duen enpresetan.
7. Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak sortzea, 1/2022 Legearen aginduak dakarrena kontuan hartuz, neskatilen, neska nerabeen eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena izango duten politikak egiteko informazioa emateko.
8. Politikan sartzen diren emakumeentzako ikaskuntza- eta ahalduntze-guneak antolatzea, emakume hautetsien arteko laguntza-, elkartasun- eta aliantza-sareen bidez, adibidez, Basqueskola Sarea, edo beste sare batzuk.
9. EUDELeri eskatzea, indarkeria politikoari aurre egiteko protokoloak proposa ditzala, emakumeen partea hartzeari eta erabakitzeko gaitasunari buruzko ikerketa bultza dezala eta ordezkaritza orekatu baterantz egiten diren aurrerapenak babes ditzala.
10. Martxoaren 8a dela-eta mugimendu feministak Donostian deitutako mobilizazioetan parte hatzeko deia egiten diegu herritarrei.