La Perlak dio webgunea ez daukala euskaraz “pandemiagatik”
La Perlaren webgunea gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago, euskaraz ez. Herritar batek kexa jarri du Jaurlaritzako Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan, eta La Perlak eman duen arrazoia bidali diote: “Pandemiaren ondorio ekonomikoak” dira La Perlak “itzulpenak nahi baino mantsoago” egitearen arrazoia.
“Euskararen erabileraren inguruko beste urraketa bat”, adierazi dio Argia-ri Donostiako La Perla talasoterapiari kexa jarri dion herritarrak. Urraketaz gain, horren aurrean Eusko Jaurlaritzako Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak izan duen jarrera salatu du. “Elebidetik aitzakia lotsagarri hori onartu ez ezik, ez dute arazoaren konponbiderik eskatzen edo ematen. Ez dute inongo neurririk hartzen”.
Herritarrak urtarrilean kexa jarri zuen La Perlan, eta Elebideri ere ohartarazi zion hizkuntza eskubideen urraketaz; alegia, La Perlako webguneak ez duela bermatzen informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea. La Perlatik argudiatu dute pandemia hasi zenean webgunea berritzen ari zirela, gaztelerazko bertsioan, eta “pandemiaren ondorio ekonomikoek, erakundeari zuzenean eragiten diotenek, eragina dute itzulpenak nahi baino mantsoago izatean”. Euskarazko bertsioa “laster” argitaratzeko lanetan ari direla diote. Egun, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dute informazioa.
Gutun horretan baieztatzen dute erakundearen komunikaziorako hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelera direla; “Lan egiten dugun euskarri guztietan aplikatzen dugu hau”. Egun horrela ez izatearen arrazoia “ohiz kanpoko gertaera puntualak” direla diote: “pandemia eta horren ondorioak”.