Mugimendu feministak Donostiako kaleak bete ditu
Euskal Herriko mugimendu feminista greba orokor bat egitekoa da udazkenean, eta, horretarako, "herri eta auzoetan antolatzera" deitu dituzte feministak.
Mugimendu feministak Donostiako kaleak hartu ditu aurten ere, Martxoaren 8aren harira. Donostiako Asanblada Feministak deituta, milaka lagun mobilizatu dira Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde lelopean, eta Antiguako tuneletik Bulebarreraino, hiria aldarrikapen feministez bete dute. Kontxa pasealekuan zehar gero eta jende gehiago batzen joan da mobilizaziora, eta manifestazioaren buruak Askatasunaren hiribidea zeharkatu duenerako, ez zen isatsa ikusten. Ibilbide guztian zehar, askotariko aldarriak oihukatu dituzte: Atzerritartasun Legearen aurkakoak, Elizaren aurkakoak, Emakumeen Etxe handiago baten aldekoak, LGTBI+ komunitatearen aldekoak, eta abar. Bulebarrean, manifestua irakurri ostean, Zutik emakumeak abesten bukatu dute.
Emakumeek bizi duten “zapalkuntza egoera kolapsatzen” ari dela nabarmendu dute irakurketan, baita zaintza erdigunean jarri ere: “Denbora daramagu salatzen emakumeok* bizi ditugun esplotazio egoerak, baina, orain, egoera hori kolapsatzen ari da. Kolapsoa ez da krisi bat; mendebaldetik, iparralde globaletik, hartutako erabaki heteropatriarkalen, inperialisten, neoliberalen, arrazisten eta anti-ijitoen multzo oso baten deriba logikoa da. Arraza, irabazi eta kapital pribilegioen sistema metatzaile baten berrespena da. Sistema bortxatzailea da, egitura heteropatriarkal eta kolonialetan oinarritzen dena. Eta kolapso sistemikoaren testuinguru honetan zaintzaz hitz egitea gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko interdependentzia loturak jostea eta saretzea da. Borroka eta erresistentzia feministak, antikapitalistak eta dekolonialak bultzatzea da”.
Abiatu da Martxoaren 8ko Donostiako manifestazioa, Antiguako tuneletik.@irutxulo @donostikoBF #Martxoak8 pic.twitter.com/YIW9ddKcMe
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) March 8, 2023
Mugimendu feministaren indarraren aurrean, “neofaxismo indartua” hedatzen ari dela ohartarazi dute: “Kapitalaren eta klase politikoaren estrategia maskulinista deliberatu baten dimentsioetako batzuk honako hauek dira: sexu jazarpena eta sexu abusua normalizatzea, feminizidioak areagotzea, etenik ez duen egiturazko arrazakeria, azpiegitura publikoa murriztea, lehen mailako arreta eta osasuna hustea, bizitzaren garestitzea, etxebizitza eskuraezina izatea, erroldarekin espekulatzea eta argiaren eta gasaren faktura ordaindu ezin izatea, Iberdrolak irabaziak hirukoizten dituen bitartean”. Ildo horretatik, Donostia “bizigarri” baten alde egin dute, “eta ez espekulazioan eta esklusibotasunean oinarritutako hiri baten alde”. “Euskal Herrian, EAJk, PSNk, CENek eta Confebaskek zaintza behar desberdinak merkantilizatzearen, pribatizatzearen eta haiekin espekulatzearen ardura dute”, gaineratu dute.
Horrela, “egungo zaintza sistema irauli” behar dela aldarrikatu dute: “Emakumeak* gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak eta zahar etxeetan zein haur eskoletan lan egiten dugunak. Lan horiek baldintza duinetan eta lan erregimen orokorraren barruan egiteko exijitzen dugu!”. Halaber, zahar etxeetako eta etxez etxeko zerbitzuetako langileen lana eta borroka goraipatu dute: “Eredu zarete!”.
Emakume migratzaileetan ere jarri dute fokua: “Emakume* migratzaileak dira etxeak eta ospitaleak garbitzen dituztenak, zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan laguntzen eta zaintzen dituztenak. Migratutako etxeko langile eta zaintzaile askok preso gisa lan egiten dute, eta ez dute eguneko atsedenik hartzeko eskubiderik, eta ez dute legezko soldata kobratzen; mehatxuak ere jasotzen dituzte, paperik ez dutelako. Baina nork zaintzen ditu emakume migratu eta arrazializatuak? Nork zaintzen ditu zaintzaileak? Hori dela eta, Euskal Herritik exijitzen dugu Atzerritartasun Legea indargabetzea eta pertsona guztien erregularizazioa orain!”.
Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua
Oinarrizkoak eta beharrezkoak diren zaintzak bermatuta egon behar direla aldarrikatu dute, eta, horretarako, argi dute bidea: Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua da gurea, askatasunez eta arduraz gure bizi osoan zehar duintasunez zainduak izateko zein besteak zaintzeko. Dependentzia kasuetatik harago doan planteamendua da gurea. Eta, hortaz, nor, noiz eta zenbateraino zaindu nahi dugun erabakitzeko ahalmena izateaz ari gara. Zaintza iraultzea dena eraldatzea eta emakumeok* beti bizi izan dugun indarkeriaren eta desberdintasunaren ardatz nagusietako bat gogor jotzea eta astintzea da”.
Bestalde, “familia eredu nuklearretik harago” pentsatu behar dela nabarmendu dute: “Heteroarauaren eta familia nuklearraren bueltan egituratzen da dena, eta dena aldatu nahi badugu familia nuklearretik harago pentsatu behar dugu, emakume*, trans eta bollerok bizi eredu bizigarriak nahi ditugu!”.
Antolakuntzaren beharra
Aldarrikapen guztien alde lan egiteko, antolakuntza oso beharrezkoa dela gogorarazi dute: “Gure artean aliantzak eta sareak josten jarraitu behar dugu. Auzoz auzo eta herriz herri, asanblada eta egitasmo desberdinetan. Mugimendu feministak markatutako agenda feministari dagokion garrantzia ematea exijitzen dugu! Ez dugu inolako ekarpenik egiten ez duten azaleko proposamenik nahi, ez ditugu jaiegun moreak nahi, egiturazko aldaketak eta emakume*, trans eta bolleron aldarriei entzungor ez egitea nahi dugu!”.
Horrela, “gaurtik aurrera” antolatzera deitu dituzte feministak, “herri eta auzoetan”: “Ez dira makalak aurrean ditugun erronkak. Horietako bat udazkenean datorrena izango dugu, Euskal Herriko Mugimendu Feminista grebara aterako da! Beraz, antolatu eta hartu kaleak!”.
Jarraian, manifestazioko bideoa eta Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma ikus ditzakezue: