Suhiltzaileen parkea bisitatu ahalko da larunbatean
San Joan Jainkoarena suhiltzaileen patroiaren eguna ospatuko dute Donostiako Suhiltzaileek larunbatean (hilak 11), euren parkeko ateak herritar guztientzat irekiz, 2019an egin zuten moduan. Hain zuzen ere, 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik suhiltzaileen parkea. “Jardunaldira jende asko joan daitekeenez, parkeko arduradunek herritarren laguntza eskatu dute bisitak modu arinean antolatu ahal izateko. Aldi berean, jarduera amaitu ondoren, instalazioak uzteko eskatu du, beste familiei lekua uzteko”, esan du Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak. Halaber, nabarmendu du “jolas eta festa egun bat” izango dela, eta “haurrek nahiz helduek” ondo pasatuko dutela antolatu dituzten jarduerekin.
Alde batetik, gaur, hilaren 8an, suhiltzaileen parkeko langile batzuk bisitan joango zaizkie Donostiako Ama-Haurren Ospitalean eta Ospitale Psikiatrikoan dauden pertsonei. Bestetik, aipatu ate irekien eguna egingo dute larunbatean, eta askotariko langileek hartuko dute parte: administrariek, komunikazio zentraleko operadoreek, lantalde guztietako suhiltzaileek, eta abar. Suhiltzaileek, suak itzaltzeaz gain, zer beste zerbitzu eskaintzen dituzten ezagutaraztea du helburu egitasmoak, eta suteak prebenitzeko “nozio txiki batzuk” ere emango dizkiete herritarrei. Besteak beste, jarduera hauek egingo dituzte larunbatean: marrazki lehiaketa, labirintoak haurrentzat zein herritar guztientzat eta suteen inguruko hainbat lantegi.
Suhiltzaileen parkera joateko (Otxoki pasealekua, 100), Dbusek doako autobus zerbitzua jarriko du Garberatik abiatuta, 09:30etik aurrera.
Bestalde, Dbusen linea hauek suhiltzaileen parketik gertu ditu geltokiak:
- 9. Egia-Intx, irteera Bulebarretik eta Egia pasatu ondoren, Bustintxulo kalean du gertuen dagoen geralekua.
- 29. Intx-Sur, irteera Bulebarretik eta Gros eta Ategorrieta pasatu ondoren, Bustintxulo kalean du gertuen dagoen geralekua.
- 33. Larratxo-Intx-Berio, Igaratik aterata Antigua, Erdialdea eta Gros igaro ondoren, Otxoki pasealekuan du gertuen dagoen geralekua.
- 33. Larratxo-Intx-Berio, Larratxotik, Otxoki pasealekuan du gertuen dagoen geralekua.
- 24. Altza-Gros-Antiguo-Intx, Antiguatik Amara, Loiola eta Egia pasatu ondoren, Otxoki pasealekuan du gertuen dagoen geralekua.
- 27. Altza-Intx-Antiguo-Gros, Antiguatik Amara, Gros, Herrera, Alza eta Larratxo pasatu ondoren, Otxoki pasealekuan du gertuen dagoen geralekua