Arima Soulek Ciudad Realen abiatuko du Girando Por Salas zirkuituko bira
Arima Soul talde donostiarrak hurrengo asteburuan abiatuko du Girando Por Salas zirkuituko bira, eta, guztira, zortzi kontzertu emango ditu estatuko hainbat lekutan.
Lehenengo kontzertua hilaren 17an izango da, Ciudad Realeko Nice aretoan, bigarrena hilaren 18an Madrilgo Tempo Club aretoan, hirugarrena apirilaren 5ean Vigoko Sinatra aretoan, laugarrena apirilaren 6an Vilar de Santos herriko Arca da Noe aretoan, bosgarrena maiatzaren 5ean Valladolideko Asklepios aretoan, seigarrena maiatzaren 7an Leongo Black Bourbon aretoan, zazpigarrena maiatzaren 20an Lleidako Espai Orfeo aretoan eta zortzigarrena maiatzaren 21ean Zaragozako La Bodega del Albergue aretoan.
Soul talde donostiarra aurtengo Girando Por Salas zirkuituko 26 talde hautatuetako bat da. Espainiako Kultur eta Kirol Ministerioaren Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuak sustatutako zirkuitua da Girando Por Salas, eta gaur egungo musika bultzatzeko eta talde eta musikari berriak ezagutarazteko helburua du, taldeei euren erkidegotik kanpoko aretoetan (edo, gutxienez, euren udalerritik gutxienez 300 kilometrora daudenetan) jotzeko erraztasunak emanez. 2010ean sortu zuten zirkuitua, eta hamarnaka talde eta bakarlarik hartu dute parte urteotan.
Lehenengo diskoa argitaratu berri dute
Arima Soul taldea 2020an sortu zuten Lidia Insausti abeslari donostiarrak eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak, eta euren lehenengo disko luzea argitaratu zuten duela bi aste. Insaustirekin eta Makalarekin batera, Paul San Martin pianista donostiarrak eta Gorka Gaztanbide bateria jotzaileak osatzen dute taldea. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko musika egiten du, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz; kanta klasiko batzuen bertsioak ere egiten dituzte. 2020an, EP bat ere argitaratu zuten; orduan, Hilario Rodeiro zen taldeko bateria jotzailea. EP horren bueltan, Makala eta Insausti elkarrizketatu zituen orduan hedabide honek, eta nabarmendu zuten soul musika euskaraz egitea zela euren apustua.