Gizon bat atxilotu dute Donostian adin txikikoei sexu erasoak egitea eta ziberjazarpen delituak egotzita
Espainiako Poliziak 24 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, bi adin txikikori sexu erasoak egitea eta hamabost ziberjazarpen delitu egotzita. Ikerketak zabalik jarraitzen du, biktima gehiago egon daitezkeela uste dutelako.
Nerabe batek salaketa bat jarri zuen, eta orduan abiatu zen ikerketa. Salatzaileak azaldu zuenez, adin txikiko baten itxurak eginez erasotzailea harremanetan jarri zen berarekin, sare sozialen bitartez. Elkarrizketa arruntak izan zituzten hasieran; ondoren, datu pertsonalak eskatu zizkion, eta jarraian, irudi sexualak trukatzea proposatu zion. Azkenik, sexu erasoa egiten saiatu zen.
Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea iazko urte bukaeran atxilotu zuten lehen aldiz. Atxilotuaren mugikorretik datuak lortu zituzten, eta horrek ikerketaren bigarren fase bat irekitzea ahalbidetu zuen.