Tokiko dendarien merkatua egingo dute Blas de Otero plazan
Kaioa tabernak bultzatuta, merkatu bat egingo dute larunbatean, martxoaren 11n: Merkaioa. Tabernako jabeek espazio honetan mugimendua sortu nahi zuten, jendea erakarri, plaza girotu. “Auzoa astindu nahi izan dugu beti; herriak hainbeste eskatzen duen aisialdirako eta kulturarako gauzak egiteko gogoa dugu”, adierazi diote Irutxuloko Hitzari.
Merkatua egiteko asmoa zuten iaztik, eta hainbat ate jo ondoren, San Sebastian Shops-en laguntza lortu dute merkatua egiteko. Hogei postu izango dira guztira. Bospasei Egiako dendenak izango dira, bigarren eskuko produktuak dituen Gauze Onak dendak ere postu bat ere izango du, eta artearekin lotutako sorkuntza lanak ere izango dira salgai. Nacho Alejandrok larruarekin eskuz egindako produktuak erakutsiko ditu; Helena Molinerok bitxiak, Sofia Herbonek poltsak eta zeramika, eta Silvia Lopez marrazkilari eta idazleak ere izango du bere postua. Goizeko hamaiketatik zortzietara izango da zabalik.
Musika ez da faltako merkatuan. Goizean, cover-ak egiten dituen Rockin Velvet taldea izango da zuzenean jotzen. Eta arratsaldean, Bihotza eta Flanksinnata DJak izango dira. Aurrerago merkatu gehiago egiteko asmoa dutela esan dute Kaioa tabernakoek. Tailerrak egin nahi dituzte haurrentzat, eta baita herri bazkari bat plazan.