Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko bekak emango dituzte
Hiru lagunek 3.500 euroko beka bana jasoko dute, Donostiako Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko. Hori da Jose Angel Herrero-Velarde beken helburua, eta aurten emango dituzte estreinakoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak sustatuta, Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean. Gipuzkoan jaio diren edo bizi diren pertsonek eskuratu ditzakete bekak, eta bi astez Euskadiko Filmategian lan egin ahal izango dute. Ikerketa lan originalen sorrera babestu nahi dute horrela, Artxiboa webgunea ireki eta Tabakaleran funtsak eskuragarri jarri ondoren.
Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea dute helburu, testu akademiko argitaragabeak sortzeko –bekadun bakoitzak bat–, Zinemaldiaren artxibo historikoa bera iturri nagusitzat izanda. Bekak sortu dituzte Elias Querejeta Zine Eskolarekin azken urteotan koordinatu duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektutik abiatuta.
Bestalde, Jose Angel Herrero-Velarde Notarioren omenez jarri diete bekei izen hori, “Zinemaldiko funtsezko figura izan baita azken lau hamarkadotan”. Zuzendaritzako eta hautaketa batzordeko kidea izan zen, eta iaz zendu zen. Beken inguruko informazio osagarria hemen kontsultatu dezakezue.