Amable Ariasen urmargoak, Ekain galerian
San Telmo museoan Amable Ariasek Antzoki Zaharrean margotu zuen obra ikus daiteke joan den otsailetik. Orain, erakusketa horren paraleloan, Gaur taldeko artistak garai desberdinetan sortutako pinturak ikus daitezke Parte Zaharreko Ekain arte galerian. Gainera, lehen aldiz erakutsi dituzte jendaurrean.
Artista hil zenean, 1984an, Maru Rizok hartu zuen haren obra zaindu eta ezagutzera emateko ardura, eta berak aukeratu ditu, Ekain galeriako Rita Unzurrunzaga arduradunarekin batera, erakusketa honetarako aukeratu dituzten margolanak. Aspaldi ezagutzen dute elkar, hau jada Amable Ariasi eskainitako bosgarren erakusketa baita Ekain galerian. Lehendabizikoa 2008an izan zen, Ritaren osaba Juan Kruz Unzurrunzaga arduraduna zenean.
Amable Ariasen garai desberdinetako akuarelak ikus daitezke galerian. Artistak Maru Rizorekin batera egindako bidaia batzuetako eszenak eta paisaiak ikus daitezke: Parisko hotel bateko logela bat, besteak beste. Rizoren ahizpen erretratu bat ere badago, eta obra abstraktuago batzuk ere bai.
Pintzelada gutxirekin asko adierazteko gaitasuna zuen Amablek: “Hark nahiago zuen gutxi egin, eta asko landu”. Galeriako kuadroak behatzen hasi da Rita Unzurrunzaga, eta ados dago Marurekin: “Lau marrarekin egin zezakeen kuadro bat, eta kolorearekin bolumenak irudikatzen zituen”.
Maru Rizoren ustez, akuarela oso teknika bizia da, eta teknika honetan marraztutako obren detaileetan sakondu du: “Akuarelak ura dauka, eta bere bideak egin ditzake paperean; eta paper motaren arabera, asko aldatzen da zertzeladaren emaitza. Amablek ez zion garrantziarik ematen honi guztiari, baina kuadroei begiratuz gero, nabaritzen da”.
Bere obra gehiena akuarelarekin margotu zuen. Izan ere, Rizok azaldu du Amablek beti izan zuela egoera ekonomiko oso prekarioa. “Olio oso gutxi ditu, soilik 300. Mihise gainean egindako oso obra gutxi dauka, oso garestia delako, eta horregatik dauka obra gehiena paper gainean”.