Cabestany anaiek egin zuten bidea, eta Azparren anaiek jarraituko diete
1980ko hamarkadan, bi anaia donostiar eliteko txirrindularitzan aritu ziren: Jordi (Antigua, 1956) eta Peio Ruiz Cabestany (Antigua, 1962). 1980tik 1982ra izan zen profesionala Jordi, eta 1984tik 1994ra Peio, eta biek lorpen esanguratsuak eskuratu zituzten. Orain, 40 bat urteren ostean, beste bi anaia donostiar daude elitean: Xabier Mikel (Egia, 1999) eta Enekoitz Azparren Irurzun (Egia, 2002). Bidea urratu zutenak eta lekukoa hartu dutenak elkartu ditu IRUTXULOKO HITZAk, eta solasaldi bizia sortu da lauren artean.
Entrenamendutik zuzenean iritsi dira Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren Irurzun anaiak elkarrizketara, Igeldo aldetik: «Egunero igotzen dugu Igeldo», dio Xabier Mikelek. Mikel Azparren aitarekin iritsi dira, bera ere bizikleta gainean, aita ere txirrindularitzan murgilduta baitago aspalditik, aitona egon zen moduan. Hain zuzen ere, ondo ezagutzen dute elkar Azparren anaien aitak eta Jordi eta Peio Ruiz Cabestany anaiek: «Aita aspalditik ezagutzen dugu, txirrindularitzako mitiko bat baita. Hauek [Azparren anaiak] noizbait agurtu izanagatik ezagutzen ditut, bizikletan aurreratu izan nautenean, eta abar», azaldu du Peiok.
Gazteak zirikatu nahian, oroigarri batzuk atera ditu Peiok: «Hau Frantziako Tourra bukatzen duten guztiei ematen diete, txirrindulari agiria deitzen diote». Azparren anaiek liluratuta behatu dituzte oroigarriak, eta hortxe bota du erronka aitak: «Hauei esana diet, orain arte soilik bi donostiarrek bukatu dutela Tourra, Cabestany anaiek!». Beraien ondoren Donostiako beste txirrindulari handirik atera ez izana «bitxia» dela dio Enekoitzek, eta argi erantzun dio Peiok: «Hemen diru asko gastatzen dute Tourra edo Vuelta ekartzeko, baina gutxi tokiko txirrindularitza sustatzeko».
Kostata batzuk, ezkutuan besteak
Modu oso desberdinetan hasi ziren bizikletan ibiltzen Azparren anaiak eta Cabestany anaiak. «Pentsatu dezakezu aita txirrindularia izanda gu txiki-txikitan hasiko ginela bizikletan ibiltzen, baina ez da hala: niri beldur handia ematen zidan, eta 9 urterekin ikasi nuen; ondoren, 13-14 urterekin hasi nintzen lehiatzen. Eta, aurretik beste hainbat kiroletan ibili ginen biak», azaldu du Xabier Mikelek.
Diotenez, aitak ez zituen bereziki bultzatu txirrindularitzaren mundura: «Nik txiki-txikitan ikasi nuen bizikletan ibiltzen, eta lehiatzen hasi nintzen benjaminetan, baina anaia lehiatzen ikusten nuelako baizik. Hala ere, bi urtez utzi egin nuen, erori, kubitua eta erradioa hautsi eta bizikletari beldurra niolako. Pilotan hasi nintzen, baina, azkenean, bizikletara itzuli nintzen», kontatu du Enekoitzek.
Aitaren presioa ez izatea «oso ona» dela nabarmendu du Peiok: «Nahi dutena egiten ari dira, eta gainera, iruditzen zait gustatzen zaiela egiten ari direna». Baietz dio Xabier Mikelek: «Ez bagina profesionaletan ibiliko, bizikletan ibiltzen ariko ginateke, berdin-berdin». «Hori oso ona da, ez baita gauza batengatik borrokatzea soilik hortik bizitzeko, baizik eta borrokatzea gustatzen zaizun zerbaitengatik, eta ez baduzu lortzen hortik bizitzea, ba, asteburuetan bizikletan ibiltzera aterako zara, eta kito», gehitu du Peiok. Hain zuzen ere, Cabestany anaiek kirolaren munduarekin oso lotuta jarraitzen dute.
Ildo beretik jo du Enekoitzek: «Ez da berdin gozatzen lehiatzen zarenean, baina bizikletaren gainean ez baduzu gozatzen, ez duzu asko iraungo; horrenbeste sufritzea ez gozatzeko…».
«Gure garaian, oso desberdina zen», azaldu du Jordik: «Ez zegoen bidegorririk, eta kiroleko arropa janzteak lotsa ere ematen zigun, jendeak arraro begiratzen zintuelako». «Txirrindularitza ez zegoen oso ondo ikusia. Pobreek egiten zuten kirol baten moduan ikusten zen. Orduan, ñoñostian, ba, imajinatu zer zen bizikletan ibiltzea», gehitu du Peiok. «Nahi genuen tokira joateko askatasuna bilatzen genuen; hemendik aldentzen zinen, eta gauza berriak ikusten zenituen. Pixkanaka, martxa zikloturistetara joaten zinen, ikusten zenuen aurrekoekin batera zindoazela, eta esaten zenuen, ‘ba, ez naiz hain txarra!’», gogoratu du Jordik.
Gurasoei ez zitzaien gustatzen txirrindularitzaren mundua, eta beraz, Peiok «ezkutuan» atera behar zuela azaldu du. Beste kirol batzuetan aritzen zen, baina anaia ikustearen eraginez hasi zen bizikletan: «Behin, Jordi Milk Race lasterketan parte hartzera joan zen Britainia Handira, eta Deia-k edo hemengo egunkariren batek kazetari bat bidali zuen lasterketaren berri ematera. Kazetariak bi orrialde bete behar izan zituen lasterketari buruz; nik flipatzen nuen anaia prentsan ikustean». Beste bitxikeria bat ere oroitu du: «Jordiren bizikleta arretaz begiratzen nuen, eta ikusten nuen zuloz beteta zegoela: koadroa, platerak, balaztaren heldulekuak… taladroarekin egindako zuloz beteta zegoen, pisua kentzeko. Niri izugarria iruditzen zitzaidan, eta esaten nion nik ere bizikletan ibili nahi nuela. Esaten zidan, ‘ezta pentsatu ere, hau oso gogorra baita’».
Profesionaletara saltoa
Cabestany anaiak ez ziren inoiz elkarrekin lehiatu maila profesionalean, baina Azparren anaiak elkarrekin dabiltza orain Euskaltelen: «Anaiaren talde berean egotea berezia eta oso pozgarria da. Berak hiru sasoi daramatza dagoeneko profesionaletan, eta nire lehenengo urtea denez, ikasi duena erakusten dit, bere hanka sartze berberak ez egiteko», azaldu du Enekoitzek. «Momentu batzuetan, buruhauste bat gehiago da niretzat, ez pentsa, puntualitatea ez baitarama oso ondo», esan du barre artean anaia zaharrak, baina zentzu horretan «hobetu» duela dio gazteak.
Hala ere, lasterketan ondo elkar ulertzen dutela kontatu du Xabier Mikelek: «O Gran Camiño lasterketan [Galizia], etapa gelditu aurretik [tropelean zihoazen hainbatek gelditzea erabaki zuten, eguraldiarengatik], Enekoitzi proposatu behar nion elkarrekin erasotzeko». «Gelditzeko esan zutenean, orduan eraso behar zenuten!», bota dio Peiok. Anaiak talde berean egotearen arriskuez ohartarazi die Jordik: «Nik Lejarreta anaiekin kointziditu nuen taldean, eta, azkenean, ia mania ere hartu nien, dena elkarrekin egiten zutelako, gainontzekoekin kontsultatu gabe». Ordea, Azparren anaiek diote beraien kasua desberdina dela: «Logela desberdinetan egiten dugu lo, eta, gainera, asko zirikatzen dugu elkar».
Anaia guztiek bezala, Cabestany anaiek ere elkar kitzikatzen dute: «Peiok ikusten duenean fisikoki bera baino hobeto nagoela amorrarazten da. Telefonoz deitzeari uzten dio… desagertzen da [barrez]». Anaiak dioena onartu du Peiok: «Bizikletan ibiltzeko gelditzen ginenean, askotan, nik hilda nengoelako plantak egiten nituen, Jordi berotu egiten zen eta erasoa botatzen zidan, baina harrapatzen nuen». Hain zuzen ere, Jordik dio Peio berarekin gelditzen zela soilik «atzean uzteko gai izango zelako ziurtasuna zuenean». «Horregatik ez gara gelditu duela urte asko, orain irabaziko zidalako, ziur», gaineratu du barre artean Peiok.
Txantxak txantxa, eliteko edozein kirolarik presioa jasa behar izaten du, baina hori ondo darama Xabier Mikelek: «Gustura ibiltzen naiz presiopean, helburu jakin batekin. Saudi Arabiara joan ginenean, adibidez, esan zidaten lehenengo hamarren artean gelditu behar nuela, eta gustura ibili nintzen; behintzat, helburu batekin nindoan. Agian, gehiago sufritzen duzu talde txiki batean, helburu argi bat izan gabe, World Tour mailako talde batean baino». «Goian zaudenean ere sufritzen duzu, ez pentsa», erantzun dio Peiok: «Nik momentu batzuetan desiratu izan dut erortzea edo zerbait gertatzea lasterketa bertan behera gelditzeko». Hala ere, «helbururik gabe ibiltzea gogorra eta astuna» dela aitortu du.
Beste mota bateko presiorik ere bada txirrindularitzan: tropelean posizioa mantentzearena: «Lehen, ahal zinen tropelaren atzealdean joan, eta mendatera iristean aurrera pasatu. Hori pentsaezina da orain, une oro aurrean joan behar duzu», azaldu du Jordik. Ordea, hori ere ondo daramate Azparren anaiek: «Zure eskulekua ondokoarenaren ondoan mantentzearen presioa aguantatzea ez da erraza, baina niretzat askotan erosoagoa da aurreko postuetan joatea, presio horrekin, tropelaren atzealdean baino», dio Enekoitzek. Peiok ere ondo zeraman presio hori: «Gogoratzen dut atzerrira joaten ginenean lehiatzera, batzuek ‘españolo‘ esaten zigutela, kikildu nahian. Eta, nik esaten nion, ‘ikusiko duzu’. Eta, eskulekua aurrean sartzen nion eta atzera botatzen nuen; ‘eta orain zer?’».
Profesionaletan denbora gutxi daramate Azparren gazteek, baina Xabier Mikelek dagoeneko irabazi du bere lehenengo etapa, iazko Alentejoko itzulian [Portugal]: «Hogei kilometro falta zirenean arrankatu nuen, aurretik zihoan Tiago Machado harrapatu nuen hamar kilometro falta zirenean, eta bukaeran esprinta irabazi nion». «Beraz aprobetxatu zinen?», galdetu dio Peiok, eta berak 1986ko Tourreko etapa bat irabazi zuenekoa gogoratu du: «Ni [Federico] Etxabez aprobetxatu nintzen. Orain konturatzen naiz zein kabroia nintzen. Izan ere, momentu batean atzean gelditzen ari zitzaidan, eta tropela atzetik geneukan. Orduan, itxaron egin nion, tarte batez gurpilean eraman nuen, eta gero esan nion erreleboetara joango ginela. Hori egin izan ez banu, ez nuen irabaziko. Erreleboak ematen joan zen, ‘bueno, eskerrik asko’ esan, eta alde egin nuen arte». Hain zuzen ere, antzeko zerbait egin zuen Xabier Mikelek: «Nik aldapa batean harrapatu nuen Machado, eta ahal nuen hor bertan atzean utzi, baina berarekin joan nintzen, banekielako esprintean irabaziko niola».
«Hain erraz irabazi nion esprinta, helmugatik ehun metrora hasi nintzela ospatzen, baina horregatik, gero itzulia bi segundorengatik galdu nuen», gaineratu du. Hain zuzen ere, gauza bera gertatu zitzaion behin Peiori: «Valentziako lasterketa batean, etapa batean, minutu bat baino gehiago ateratzen nion tropelari, eta lasai sartu nintzen helmugan, jendea agurtzen, eta abar. Bada, gero, itzulia hiru segundorengatik galdu nuen». Horrek, ordea, ikasteko balio du: «Ez duzula hori berriz egingo?» galdetu dio Peiok Xabier Mikeli, eta argi erantzun du gazteak: «Ez, ezta pentsatu ere!».
Atzoko eta gaurko txirrindularitza
Cabestany anaien garaiko txirrindularitza eta egungoa alderatzeko orduan, zera nabarmendu du Peiok: «Gaur egungo txirrindularitzako gauza gogorrenetakoa iruditzen zait une oro entzungailuarekin joatea alde batetik, eta elikadura horren kontrolatua izatea bestetik». Elikaduraren gaiari eutsi diote Azparren anaiek, eta azaldu dute ez zaiela bereziki gogorra egiten: «Ez duzu ezta pentsatu ere egin behar, nutrizionistak bidaltzen dizuna jaten duzu, eta kito. Gainera, badakizunez horrela jendeak hobetzen duela, ba, aurrera», dio Xabier Mikelek.
Aldiz, bizikletan ateratzen diren bakoitzean une oro izan duten potentzia neurtzea gogorragoa egiten zaie: «Askotan, nahiago dut hori ez begiratzea ere, erotzen zarelako», nabarmendu du Azparren zaharrenak. «Hori egiten da talde guztiek nahi dituztelako egin talde handiek egiten dituzten gauzak, eta agian ez da hain garrantzitsua», esan du Jordik, eta ildo beretik jo du anaiak: «Agian, hemendik urte batzuetara ikusten da dena horrenbeste neurtzea ez dela hain garrantzitsua, hainbat faktore daudelako egun batetik bestera emaitza desberdinak ateratzeko». Hala ere, euren entrenatzailearekin zortea dutela dio Xabier Mikelek: «Datuak berarentzat gordetzen ditu, eta entrenamenduak horren arabera bidaltzen dizkizu, baina beti esaten du txirrindularitzan bi balio garrantzitsu daudela soilik: abiadura eta denbora».
Bestalde, txirrindularitza ikusgarritasuna galtzen ari dela deritzote denek: «Txirrindularitza izugarri aldatzen ari da. Talde txikietan ere, dagoeneko ia ez doaz lasterketa irabazteko helburuarekin, hirugarren, bosgarren, zazpigarren eta hamargarren postuak eskuratzeko helburuarekin baizik. Lasterketa irabaztearen aldeko apustu arriskatuago bat egin ordez, hamargarren gelditzearen aldeko apustu ziurrago bat egiten da, puntuak lortzeko», azaldu du Xabier Mikelek. «Horrek esan nahi du agresibitate, espektakulu eta lehia gutxiago dagoela, noski», gehitu du Peiok, eta txirrindulariak «nork ezagutzen ez dituen lasterketak egitera» bidaltzen dituztela gaineratu Jordik, «puntuen bila». «Txirrindularitzaren aspaldiko arazo bat da hori, baina orain nabarmenagoa da, eta zaleen interesa galtzen duzu», deitoratu du Peiok.
Proba gustukoenak eta ametsak
Edozein txirrindularik bereziki gustuko dituen lasterketak ditu, eta Peiok dio berea Paris-Roubaix dela: «Esaten dut badakidalako Enekoitz joatekoa dela eta arnegatzen ari dela. Ni bero-bero jartzen nintzen. Hil ala biziko gauza zen, asko borrokatu behar zenuen beste txirrindulariekin, baina oso lasterketa onak ziren». «Espero dut behintzat eguraldi ona egitea!», esan du Enekoitzek.
Jordik Laudioko Sari Nagusia irabazi zuen urteko (1981) «oso oroitzapen politak» dituela dio, «Tourrera oso forma onean» iritsi zelako. «Hala ere, agian oroitzapen politagoak ditut txirrindularitza profesionaletik kanpo irabazitako txapelketa batzuekin: adibidez, Duatloiko Munduko Txapelketa batean domina lortu nuenekoarekin», gaineratu du. Ordea, Tourreko oroitzapen polit bat gogorarazi dio anaiak: «Telebista frantsesean ikusten genuen orduan Tourra, eta Eliseoko Zelaietako etapan, Jordi ihesaldian sartu zen. Esatari frantsesek ez zekiten nor zen, eta paper hotsak entzun ziren transmisioan, bere izena bilatzen ari zirelako». «Polita da hori, bai», aitortu du Jordik.
Orain arte egindako lasterketen artean, Belgikako Munduko Txapelketa aipatu du Xabier Mikelek, eta 23 urtetik beherakoen Australiako Munduko txapelketa Enekoitzek, baina biek bat egin dute irabazteko lasterketa bereziena hautatzerakoan: Donostiako Klasikoa. «Donostian txapeldun moduan sartzea izugarria litzateke», dio Enekoitzek, eta zera gaineratu du anaiak: «Baina, bakarrik iristea gustatuko litzaidake, maillota ondo jartzeko eta Bulebarra jendea agurtzen zeharkatzeko denborarekin».
Hala ere, amets handiagorik ere badute: «Aurten Tourra hemendik pasatuko da, eta ahal badugu ikustera joango gara, baina espero dezagun beste urteren batean ere hemendik pasatzea, eta guk parte hartu ahal izatea», nabarmendu du Xabier Mikelek, nahiz eta bi anaiek argi duten gaur egun hori zaila dela Euskaltelekin. Cabestany anaiak arretaz ari dira jarraitzen Azparren anaien ibilbidea, eta erronka bota die Peiok: «Ea laster lau donostiar garen Tourreko txaparekin! Helburu hori jarri behar duzue!».