Lan istripu larria izan da erraustegian
Zubietako erraustegiko langile bat larri zauritu da, uhal batek harrapatuta. Aldi baterako enpresa den CMG2 Kudeaketako langilea da. Hala eman du jakitera ELA sindikatuak, eta datu gehiago biltzen ari direla jakinarazi dute.
Aurten, 9 pertsona hil dira Hego Euskal Herriko lanpostuetan eta istripuak pairatu dituzte beste askok. ELAren arabera, “enpresen zigorgabetasunak eta erakundeen konplizitateak” ondorio latzak ditu. Sindikatuak dioenez, laneko ezbehar tasa “ez da fenomeno naturala, onura ekonomikoak langileriaren lan-baldintzen eta bizitzaren aurretik jartzearen ondorioa baizik”.
Enpresek segurtasun neurriak betetzen dituztela kontrolatzeko garaia dela aldarrikatu dute, horretarako, gaur egun “kolapsatuta dauden” Osalaneko eta Lan Ikuskaritzako plantillak bikoiztu behar direla eskatu dute, “Europako batez bestekoarekin berdintzeko”.