Luzaroan iraungo duen organo berritua
Donostiako Santa Maria elizako organoa eraberritu dute, eta lehengo astean egin zuten musika tresna bendeinkatzeko meza. 1863ko ekainetik dago bertan, eta Cavaillé-Coll etxeak egindakoa da. Zaharberritzaileek aurreikusi dutenez, gutxienez beste 150 urte iraungo ditu.

Parte Zaharreko Santa Maria elizako organoa Parisko Cavaillé-Coll etxeak egindako organo handietako bat da. Santa Mariako parroko Edorta Kortadiren arabera, bere diseinuak “errespetu handia” dio basilikako arkitekturari. 1863ko ekainaren 20an eskuratu zuten musika tresna, garai hartan Santa Maria elizan zeukaten XIX. mendeko organo zaharra ordezkatzeko. Bi urte eta erdi behar izan zituzten musika tresna eraikitzeko eta instalatzeko.
Aristide Cavaillé-Collek (Montpellier, 1811ko otsailaren 4a – Paris, 1899ko urriaren 13a) egin zuen organoa, Parisko Sainte-Clotildeko basilikakoa (1859), Saint-Sulpiceko elizakoa (1862) eta Notre Dameko katedralekoa (1868) bezala.
Santa Mariako organoak 44 erregistro ditu, 54 notako eskuzko hiru teklatu eta 27 pedal. 2.366 hodi ditu, eta horien dimentsioak katedral handienetako instrumentuekin aldera daitezke. “Akustika ona duen organoa da, osotasun eta indar handikoa, pertsona batek entzun ditzakeen frekuentzia guztiak nota baxuenetatik altuenetara jotzen dituena, soinu gozo eta ederra sortuz. Jotzeko zaila da, eta esaten da organistak benetan eta fisikoki bat egin behar duela soinua kutxaren goreneraino aktibatzen duen mekanika batekin”, azaldu du Kortadik.
Cavaillé-Coll etxearen ekoizpena sekulakoa izan zen, izan ere, 1938tik 1898ra 700 organo inguru fabrikatzera iritsi zela uste da. Organo berdin-berdinak ditu etxeak, gehienetan neurri txikikoak, jarraian eginak. Hala ere, dimentsio handiko organoak ere egin zituen Cavaillé-Collek, eta horien ekoizpena fabrikatzailearentzat “benetako erronka” izan zela uste du Kortadik, “urteak eman baititzake diseinuaren, eraikuntzaren eta organoaren instalazioaren artean”.
Organoaren berrikuntza
Zaharberritzea Denis Lacorre organo-fabrikak egin zuen 2019tik 2022ra bitartean. Organo osoa desmuntatu zuten, altzariaren zatia izan ezik. Zurezko, larruzko eta metalezko zatiak berritu dituzte, eta baita “organoaren arima” diren hodi guztiak ere.
Kornetaren erregistroa, Amezua y Cia eskolarena dena, eta ez Cavaillé-Collena, kalitate handikoa delako utzi da lehen zegoen bezala. Errezitatiboaren laugarren biola, eraikuntza modernokoa, Cavaillé-Collen kopia berri batek ordezkatu du. “Ikerketa zehatz bati esker, Cavaillé-Coll organoaren jatorrizko soinu-izaera aurkitu ahal izan da, bereziki Piccolo eta Compuestas Armonicasen erregistroetan”, zehaztu du Kortadik.
Guztira 600.000 euroko kostua izan du zaharberritzeak. Diruz lagundu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak (300.000 euro) eta Donostiako Udalak (150.000 euro). Beste guztia Santa Maria elizak ordaindu du. Dirua lortzeko, sinbolikoki saldu egin zituen organoaren hodiak (270 baino gehiago).
Organoaren bedeinkapena
Martxoaren 3an Santa Maria elizako organo berritua bedeinkatzeko meza egin zuten goizean. Egun lau organistak ezagutzen dute Santa Mariako musika tresna: Loreto Aramendik, Gorka Cuestak, Ana Belen Garciak eta Alize Mendizabalek.
Azken biek hartu zuten parte organoaren bedeinkapeneko mezan, baina egun horretan Michel Bouvard organistaren (Lyon, Frantzia, 1958) laguntza izan zuten. Tolosako (Okzitania) Saint Sernin parrokiako organista da Bouvard, eta berak eman zuen egun horretan bertan Santa Maria elizako arratsaldeko kontzertua ere.
Hamarnaka lagun batu ziren elizan goizean, eta mezaren hasieratik bedeinkatu zuten organoa, errezoak eta organoarekin jotako abestiak tartekatuz.
Organo erromantikoa zaharberritzeaz arduratu direnek azaldu dutenez, gutxienez beste 150 urte iraungo ditu Santa Maria elizako organoak.