Txomin Badiolak egin du 84. Musika Hamabostaldiko kartela
Abuztuaren 3tik irailaren 1era bitartean izango da 84. Musika Hamabostaldia. Gaur goizean aurkeztu dute San Telmo museoan Txomin Badiola (Bilbo, 1957) artistak egindako kartela. Musika Hamabostaldiak berak Badiolari kartela egiteko gonbidapena luzatu zion. Gonbidapenarekin batera, bere gaia Jorge Oteiza eskultorearekin lotzeko iradokizuna ere egin zion, hura hil zenetik 20 urte betetzen direnean, eta bi artistek harreman estua izan zutela jakinda.
Hamabostaldirako kartela sortzearen inguruan, Badiolak ondorengoa adierazi du: “Horrelako lanen bat proposatzen didatenean, nire lanetatik aldentzen saiatzen naiz, nire lan plastikoek komunikazioaz oso bestelako ideiekin jarduten baitute. Izan ere, lotura dute nolabaiteko inkomunikazio mailarekin, kontra egiten diote mezu gisa kontsumitua izateari. Eta kartel batek, definizioz, hori lortu behar du, hau da, mezu bat dugu eskuartean eta hori erraz jasoa izan dadin ahalbidetu behar du kartelak”.
Badiolaren eskultore ibilbidea 1980ko hamarkadaren hasieran abiatu eta gaur egunera arte luzatzen da. Musikarekin duen harremanari buruz galdetuta, artistak dio bere gustu musikalak ez direla inoiz erabat definitu; musika modu ezberdinetan erabili duela unearen edo egoeraren arabera… aldi bakoitzean behar duen musika erabiltzen duela. Musika klasikoari dagokionez, opera barrokoa interesatu izan zaio bereziki, esaterako Monteverdi, Gluck edo Mozart.