Donostiako udal aurrekontuak salatzeko kontzentrazioa egin dute
Donostiako Eskubide Sozialen Kartak salatu du Donostiako udalbatzan bozkatuko diren aurrekontuek ez dietela erantzuten herritarren oinarrizko beharrei. Hainbat talde sozialekin, auzo elkarterekin eta sindikaturekin batera sinatu duten manifestuan azaldu dutenez, “Eneko Goia alkateak adierazi zuen norbere auzoan zahartu nahi izatea “eskisitoa” zela, eta hain zuzen, hori da aldarrikatu nahi duguna: gure auzoan modu duin batean bizitzea ahalbidetuko digun politika publiko baterako aurrekontuak. Aurrekontu “eskisitoak” nahi ditugu!”. Hori aldarrikatzen zuen pankarta batekin elkarretaratzea egin dute goizean udaletxe parean.
Manifestuan azaldu dutenez, geroz eta gehiago hitz egiten da Donostiako “hiri krisiaz”. “Turismoan, etxebizitza espekulazioan, prekarietatean eta gutxi batzuen etekina bilatzen duten makro proiektuetan oinarrituz ezin da herritarren ongizatea bermatuko duen hiri bat eraiki. Donostia oparoaren mitoa erori da”, salatu dute.
Donostian bizi ahal izateko oinarrizko beharrizanak garestitu egin direla azaldu dute. Eskubide Sozialen Kartaren arabera, “ehunka” familia gehitu dira argindarra, neurrigabeko alokairua eta hipoteka ezin ordaindurik daudenen zerrendara. Elikagaien bankuko ilara luzeak, arrakala digitala, funts putreak, etxegabetzeak, hustutzeek, aterperik ere ez duten pertsonak eta migratzaile kopuruak gora egin duten bitartean, etxebizitzen prezioek ere igotzen jarraitzen dutela nabarmendu dute. “Donostia etxebizitza larrialdian da, eta horri aurre egiteko aurrekontu eraldatzaileak behar ditugu. Ez da nahikoa udalbatzak Donostia etxegabetzerik gabeko hiria izendatzea, neurriak jarri behar dira horretarako”, azaldu dute.
Klima aldaketaren aurrean ere udal gobernuak adierazten duen jarrera “lotsagabea” dela salatu dute: “surf parkea, lurraren urbanizazio basatia, Basque Culinary Center berria, ibilgailu pribatu bidezko mugikortasuna, metroaren zulo eta zulaketak, Abiadura Handiko Trena, azalera handiko merkatalguneen irekierak, airearen kalitatea nabarmen okertuz, erdigune hiper komertzializatuaren kontsumismoa, hondakinen birziklapen maila apala eta errausketaren ondoriozko kutsadura eta udal gobernuak trantsizio energetikoaren izenean abiatu nahi dituen “postalezko Donostia” sustatzeko hainbat proiektu aipatzeagatik”.
Hori dela eta, udal politika publikoek norabide aldaketa bat behar dutela eta herritarren ongizatea erdigunean izango duten politika ekonomiko eta publikoak egitea exijitu dute.