Egialai pilota elkartea aurkeztuko dute larunbatean, egun osoko egitarauarekin
Egian hainbat hilabete daramatzate auzoan pilota elkarte bat sortzeko lanean, eta asteburu honetan aurkeztuko diete proiektua auzokoei. Egialai da Egiako pilota elkartearen izena, eta egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako (hilak 18).
Goizean zehar (10:00-14:00), pilota jolasak, barreneak eta pala eta zesta punta emanaldiak egingo dituzte frontoian, baita herri argazkia egin ere. Halaber, edariak hartzeko barra jarriko dute, eta musikarekin girotuko dute goiza. 14:30ean, Arrano elkartean bertso bazkaria egingo dute, Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariekin eta Ainhoa Urien gai jartzailearekin. Bazkarirako txartelak asteazkenera arte (hilak 15) egongo dira salgai, Koxko eta Kata tabernetan, 10 euroan haurrentzat eta 20 euroan helduentzat. Azkenik, 17:00etan haurren partidak egongo dira frontoian, Parte Zaharrekoek antolatuta.