"Esperientzia, freskotasuna, gaztetasuna eta gertutasuna" duen zerrenda prestatu du EAJk, Goiaren hitzetan
EAJk larunbatean aurkeztu zuen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako prestatu duen hautagaien zerrenda, eta Eneko Goia egungo alkateak eta EAJren alkategaiak nabarmendu zuen “Donostiak hiri kohesionatua izaten jarraitzea” dutela helburu. Halaber, jeltzaleen zerrendak “esperientzia, freskotasuna, gaztetasuna eta gertutasuna” uztartzen dituela adierazi zuen: “Guztion elkarlanari esker, ziur naiz Donostiak aurrera egiten jarraituko duela”.
Jakina zen moduan, Jon Insausti egungo Kultura, Jaietako eta Euskara zinegotzia zerrendako hirugarrena izango da, Goiaren eta Nekane Arzallus egungo Hirigintza zinegotziaren atzetik. Horrez gain, Olatz Yarza (6. postuan), Ana Lopez (9. postuan), Idoia Gracia (10. postuan) eta Iker Goiria (11. postuan) dira zerrendako berritasun nagusiak. Lehenengo hiruei buruz, Goiak nabarmendu zuen “ekonomia sustatzeko eta indartzeko profilak” dituztela. Hain zuzen ere, Yarza Arantza Tapia sailburuaren kabineteko kide izan da, Lopez Lanbiden ibilitakoa da eta hiriko Sustapen Sozietatearen langilea da Gracia. Goiriari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria da.
Horrela, hauek dira EAJren hautagaiak, ordenan: Eneko Goia, Nekane Arzallus, Jon Insausti, Maria Jesus Idoeta, Juan Ramon Viles, Olatz Yarza, Kerman Orbegozo, Martin Ibabe, Ana Lopez, Idoia Gracia, Iker Goiria, Silvia Enrique, Eñaut Aranbarri, Irune Muguruza, Beñat Barredo, Paz Simon, Silvia Perez, Roke Alday, Nora Gurrutxaga, Sergio Rojo, Joseba Erguin, Leire Miranda, Txaro Rodrigo, Jon Ander Sanz, Ane Tamayo, Izaskun Urrestarazu, Bakartxo Tejeria, Rafa Ganboa, Jokin Garate eta Isabel San Vicente.
Goiak zerrendako kide berriei zein zinegotzi izateari utziko diotenei hiriarekiko izan duten eta izango duten konpromisoa eskertu zien: “Hiriarekin erabateko konpromisoa duen talde bateratu batek ematen duen indarra eta ilusioa dugu, apaltasuna galdu gabe”. “Lan handia dugu egiteko, eta lan hori egiteari ekingo diogu donostiarrak eta euskaldunak izateaz harro sentiarazten gaituen ilusioa buru. Izan ere, ilusio eta harrotasun horiek indarra emango digute lanean jarraitzeko, hiriak aurrera egin dezan”, gaineratu zuen.
“Zubiak eraikitzen dituen hiria”
Bere diskurtsoan, Goiak azaldu zuen “zubiak eraikitzen duen hiriaren aldeko apustua” dela jeltzaleena, “nostalgia duten eta hobeak izan ez ziren aurreko garaietara itzuli nahi duten horiei aurre egiteko”: “Nostalgia da populismoak egun erabiltzen duen pizgarria, hain zuzen ere, bere garaian hemen zeuden bezalako harresiak eraikitzea nahiago duen populismoa”. “Aurrera egiten duen eta egiten jarraituko duen hiria, eta beti, etorkizunari beldurrik gabe begiratuz, elkarren artean eraiki nahi dugun hiria irudikatzeko gaitasuna izan behar dugu”, gehitu zuen.
Bestalde, alkategai jeltzaleak esan zuen “Donostia Europako hiri onena izaten laguntzea” duela erronkatzat: “Bizitzeko, elkarbizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko. Legatu ezin hobea jaso dugu, eta gai izan behar dugu guztion artean hobetzen etorriko direnei hiri hobeago bat uzteko”. Ildo horretatik, azaldu zuen “ilusioa piztuko duten proiektu garrantzitsuak” dituztela hiriaren “etorkizunerantz aurrera egiteko: hiri bizia, kohesionatua, solidarioa, komunitate kontzientziaduna eta erakartzeko gaitasuna duen hiria”. Horren harira, “erakartzeko gaitasun hori madarikazio bat dela uste dutenek”, Goiaren hitzetan, “ez dute hiriaren historia ezagutzen, izan ere, ez dira kontziente erakargarritasun horrek merkataritzan eta ostalaritzen duen eraginaz, ezta hirian aberastasuna sortzeko duen gaitasunaz ere, hain zuzen ere, ondoren modu orekatuan banatu behar den aberastasuna”.
“Puntako garraio publiko jasangarri modernoa, hain zuzen ere, trena eta autobus flota %100 elektrikoan oinarrituta dagoen garraio publikoa duen hirian sinesten dugu; pertsona helduak zaintzen dituen hirian; maila guztietako kirola instalazio modernoetan egiten duen hiri osasuntsuan; zientzia eta ezagutza arloan erreferente den hirian, talentua mantentzeko eta erakartzeko gaitasuna duena; eta kulturaren aldeko apustu sendoa egiten duen hiri euskaldun batetan”, gaineratu zuen Goiak.