Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako gudari errepublikanoak omendu dituzte
Polloe hilerriko mausoleo frankistan lurperatutako errepublikanoei omenaldia egin zieten igande goizean. Bertan izan ziren Jose Antonio Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Eneko Goia Donostiako alkatea, eta lurperatutako gudari errepublikanoen senideak.
Eusko Jaurlaritzaren, Donostiako Udalaren eta familien arteko akordioaren ondorioz egin zuten ekitaldia, toki horren esanahia gaurkotu eta mausoleo horretan lurperatutako errepublikarren oroimena duintzeko asmoz. Hamazazpi miliziano daude bertan lurperatuta, eta omenaldi horretan mausoleoaren ondoan jarritako plaka batek gogorarazten ditu. Era berean, Iñigo Arregi eskultorearen Duintasuna eskulturaren erreplikak osatzen du memoriarako konposizioa.
30 bat senide bertaratu ziren ekitaldira, eta beraiekin batera izan ziren Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia, eta udaleko udalbatzako kideak; Julen Arzuaga eta Ion Gambra Gogoraren zuzendaritza kontseiluko kideak; eta Jon Hernandez legebiltzarkidea.
Goiak nabarmendu zuen “lekuaren esanahia gaurkotzerakoan zorrak kitatzen jarraitzen dugula gure askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zutenekin. Horrela, memoria historikoaren ariketa bat egiten dugu toki honi dagokion duintasuna itzultzeko, eta frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu”.
Bestalde, Rodriguez sailburuordeak adierazi zuen aurrerantzean lekua ez dela eroritakoen omenezko mausoleo frankista bat izango, “memoria demokratikoaren sinbolo bat” bihurtu delako.
Donostiako Udalak eskatuta egindako ikerketa historikoak 17 gudari errepublikarren gorpuzkiak 1939an eraikitako mausoleoan lurperatu zirela dokumentatu ahal izan du. 1936ko uztailaren 22tik 25era hil ziren guztiak, matxinatuek Donostiako hiriburua militarki okupatu aurretik izandako borroketan.