Polloeko mausoleoko gurutzea kentzeko eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Elkarrekin Podemos-IUk Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak Polloeko hilerriko “hobi komunari merezi duen duintasuna eman diezaion”. Halaber, Gogora erakundeari eskatu diote “gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak bukatzeko eta memoria demokratikoaren aurkako gurutze frankista kentzeko, bereziki, teknikoki egiaztatzen bada han lurperatutako estatu kolpearen biktimen gorpuzkiak ezin direla lurpetik atera”.
Eremua Martirien Mausoleoa izenarekin eraiki zuen erregimen frankistak, eta hainbat frankisten hilobiak daude han. Ordea, iazko maiatzean, Aranzadi Zientzia Elkarteak egiaztatu zuen frankistez gain gutxienez hamazazpi militante antifaxistaren gorpuzkiak daudela mausoleoan. Horregatik, gurutzean zegoen plaka frankista kendu zuen udalak, eta hamazazpi miliziano horien omenezko ekitaldia egin dute asteburu honetan, eskultura bat eta euren izenak daramatzan plaka bat jarrita. Hala ere, gorpuzki gehiago daude han lurperatuta, oraindik identifikatu gabeak, baina Iñaki Egaña historialariak iaz hedabide honi azaldu zionez, “ziur aski, errepublikanoenak izango dira”.
Elkarrekin Podemos-IUk, aldiz, mausoleoko gurutzea bota egin behar dela deritzo: “Izaera sinboliko bat du, erregimen diktatorialari lotua, bere oinarriak nazional-katolizismo deiturikoan oinarritzen zituena, sinbologia erlijiosoa gaindituz. Bertan ehortzitako miliziano asko erakunde politiko eta sindikaletakoak ziren, hala nola, Alderdi Komunistakoak (PCE-EPK), CNTkoak (anarkistak) edo UGTkoak. Beraz, gurutze hori ez da bateragarria demokraziaren eta askatasunen defentsan bizitza eman zuten pertsona horien memoriarekiko errespetuarekin”.
Halaber, beharrezkotzat jo dute “Eusko Jaurlaritzaren eta koalizio ezkertiarraren artean adostutako Memoria Historikoaren Lege berriari jarraiki, milizianoen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko prozesua aztertzea eta beste leku batean lurperatzeko aukera ezartzea, eta ez haien borreroekin batera”. Ordea, Eskubide Zibiletako zinegotzi Ane Oiarbidek hedabide honi irailean azaldu zionez, Aranzadik eta Gogorak ondorioztatu zuten gorpuzkiak ezin zirela handik atera, “egoera txarrean eta nahastuta daudelako”. Hainbat hobi komunetan gertatu izan da hori, eta, horregatik, gunearen esanahia aldatzea eta asteburuan egin zuten omenaldia egitea proposatu zieten senideei.
Horrela, koalizioak proposatu du Eusko Legebiltzarrak Gogora Institutuari eta Donostiako Udalari eskatu diezaiola “behar bezala duintzeko eta egia azaltzeko jatorri frankistako udal panteoian kokatutako hobi komunean, Memoria Historikoaren gune gisa, hura behar bezala seinaleztatuz eta ikusaraziz, eta panteoiaren gainean kokatutako gurutzea kentzeko, kasu honetan kolpisten goratzearen sinbolo baita”. EH Bilduk ere mausoleoa botatzeko eskatu zuen iazko irailean, “ikur frankista” bat delako. Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk, proposatu dute legebiltzarrak Gogorari eskatu diezaiola “gorpuzkiak ikertzeko eta identifikatzeko lanak bukatzeko, eta txosten bat egin dezala, biktimen gorpuzkiak teknikoki lurpetik ateratzea posible den ala ez behin betiko zehazteko”.