Porrot batekin itzuli da Reala ligara
Itzuli da belar hockeyko ohorezko liga, baina gaizki itzuli da txapelketara Reala, 5-4 galdu baitu Terrassaren aurka. Hiru hilabeteko etenaren ostean, etxekoak baino hobeak izan ziren txuri-urdinak igandeko neurketan, baina, azkenean, ez zuten puntuak Donostiara ekartzerik izan. Horrela, ligako seigarrena da orain Reala.
Saskibaloian, Ibaeta Basket ez da fin ibili asteburu honetan ere, Tenerife azken sailkatuaren aurka galdu baitu, etxetik kanpo. Sailkapeneko zuloan sartuta jarraitzen dute donostiarrek (hamahirugarren postuan), eta bost jardunaldi dituzte aurretik egoerari buelta eman eta denboraldia ondo bukatzeko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek beste porrot batekin bukatu du denboraldia. Emakumeen kopako final-laurdenetako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten larunbatean, eta denboraldia garaipen batekin bukatzea zuten helburu, aurreko bi jardunaldiak galduta ez baitzuten kopan aurrera egiteko aukerarik. Ordea, Huarte 2-1 gailendu zen, eta Txuri Urdin hurrengo denboraldira begira jarri da dagoeneko.
Neguko kirolekin jarraituz, Txuri Berri curling taldeko neskek Espainiako txapelketa irabazi dute asteburuan, finala 10-3 irabazita. Txapelketa irabazi duten zortzigarren aldia da. Bestalde, Lucas Egibar snowboarder donostiarrak asteburua biribildu du Sierra Nevadako Munduko Kopan. Larunbatean urrea eskuratu zuen, eta atzo zilarra. Horrela, Munduko Kopako sailkapen nagusiko liderra da.
Futbolean, puntu bana lortu dute Realeko neskek eta mutilek. Neskek hutsean berdindu zuten Betisen etxean, nahiz eta gol aukera ugari izan zituzten. Mutilek, aldiz, bolada txarrean murgilduta jarraitzen dute, eta dena kontra izan zuten Mallorcan. Izan ere, aurreratu egin ziren Carlos Fernandezek lehenengo zatian sartutako golarekin, baina bigarren zatiaren hasieran berdindu zuen Kang In Leek. Reala berriz aurreratu zen gero markagailuan, Le Normanden gol batekin, baina epaileak bertan behera utzi zuen gola, atzelari txuri-urdinak errematean falta egin zuela iritzita, baita oso modu zalantzagarrian iritzita ere. Partidaren bukaeran, Mallorcak neurketa irabazteko aukera argi bat izan zuen, eta 89. minutuan Merino kaleratu zuen epaileak.
Arraunean, Oria ibaiko XXIX. jaitsiera egin zuten larunbat arratsaldean. Oriok egin zuen denbora azkarrena emakumezkoetan (14:39.45), Donostiarra izan zen bigarren (14:53.22) eta Donostia Arraun Lagunak laugarren (15:12.67). Gizonezkoetan, berriz, Bermeo Urdaibaik irabazi zuen (19:38.19), eta Donostiarra laugarren izan zen (20:01.93).
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia
- Terrassa 5 – Reala 4
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Tenerife 72 – Ibaeta Basket 67
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopako final-laurdenak, hirugarren jardunaldia
- Huarte 2 – Txuri Urdin 1
Futbola
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Betis 0 – Reala 0
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Mallorca 1 – Reala 1