Udalbatzak 461,9 milioi euroko udal aurrekontuak onartu ditu
EAJren eta PSE-EEren proposamena aurrera atera da oposizioko udal taldeekin hainbat zuzenketa adostuta. Batez ere, Elkarrekin Donostiarekin hainbat akordio egin dituzte.
Gaur goizean ezohiko udalbatzarra egin dute Donostiako 2023ko udal aurrekontuen proposamena eztabaidatzeko. Hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin du udalbatzak azken sexu erasoa salatzeko. Aldiz, udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin du Donostiako Eskubide Sozialen Kartak udal aurrekontuak kritikatzeko. Hiru ordu inguruko saioaren ostean, udal aurrekontuak onartu dituzte. Udalak 461,9 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, iazkoa baino %8,73 handiagoa.
Kerman Orbegozo Ogasun eta Finantzetako zinegotziak adierazi du aurrekontu “sendoa, zorrotza, ondo landutakoa eta hiriak dituen beharrei erantzuten” diona dela. Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontuaren igoera nabarmendu du, eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako diru zatia %15 handitu dela, “hiri zaindua eta garbia izaten jarraitzeko”. Udal aurrekontuak “ingurumen jasangarriaren” aldekoak direla gaineratu du: “23 milioi euro bideratu ditugu ingurumena zaintzeko”. Inbertsioei dagokienez, udalak 59,6 milioi euro bideratu ditu “auzo ezberdinetan hainbat jarduketa garatzeko”.
Elkarrekin Donostiarekin
Aurrekontuaren tramitazioa udal gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko hainbat akordiorekin bukatu da. Berdintasuna, kultura, segurtasuna eta ingurumenarekin lotura duten akordioak. EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak eta Elkarrekin Donostiak adostu dute 50.000 euroko aurrekontu saila sartzea erdialdean Emakumeen Etxearentzako kokapen berria bilatzeko azterketa egiteko. Gainera, berdintasun arloan ere, beste bi aurrekontu sail sartzeko akordioa lortu dute: lehena, 10.025 eurotakoa sexuen eta dibertsitatearen hezkuntzari buruzko programa bat garatzeko ikastetxetako zein institutuetako gazteei zuzenduta; eta bigarrena, 10.025 eurotakoa, guraso bakarreko familiak zaintza kontziliazioa egin ahal izateko programarako.
Horrekin batera, Elkarrekin Donostiarekin adostu dute 20.000 euro bideratzea Bidebietako Kontadores gunean kultura zerbitzua jartzeko beharren azterketa bat egiteko, baita hiriko etorkizuneko kultur etxeek nolakoak izan beharko luketen eta zein zerbitzu eskaini beharko luketen aztertzeko ere. Halaber, energia eraginkortasunarekin lortura duten segidako bi zuzenketa adostu dituzte: lehena, 99.900 eurotako laguntzak bideratzea komunitate energetikoak sortzeko; eta bigarrena, 60.000 euro bideratzea hiriaren argiteriaren energia eraginkortasuna hobetzeko.
Udal gobernuak EH Bilduk aurkeztutako eduki ekonomikorik gabeko bost zuzenketen alde bozkatu du, eta zehatzago segidakoak babesteko: udalbatza euskalduntzeko plana egiteko; hizkuntza arauen eta irizpideen jarraipena egiteko; Kulturan euskara indizea handitzeko; hizkuntza paisaia euskaraz egiteko; eta Zinemaldia euskalduntzeko. Horrela ere, EH Bildu kritiko azaldu da udal gobernuaren jarrerarekin: “Aurrekontuen negoziazioan, EAJk marra gorri bat jarri zion EH Bilduri: osoko zuzenketa kentzea. Gaurko osoko bilkuran ikusi da PPri eta Elkarrekin Donostiari EAJk ez ziela marra gorririk jarri. Oso argigarria”.
Bestalde, udal gobernuak eta PP taldeak akordioa lortu dute aurrekontuan 500.000 euro Udaltzaingoa indartzera bideratzeko.