Emakumeen eskubideen aldeko 'Nuestra libertad' dokumentala eskainiko dute martxoaren 20an
Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta, El Salvadorreko emakumeei buruzko Nuestra libertad dokumentala eskainiko dute martxoaren 20an, Donostiako Emakumeen Etxean.
Nuestra libertad dokumentalak Teodora eta hamazazpien askatasunaren aldeko borroka kontatzen du. El Salvadorren, abortoa guztiz kriminalizatua dagoen momentuan, 30 urtetik gorako espetxe zigorretara kondenatuak izan dira, larrialdi obstetriko bat pairatzeagatik. Euren kasuak eta testigantzak estatuaren bortizkeriaren adierazle dira, baina baita erresistentzia kolektiboaren, elkartasunaren eta ahizpatasunaren seinale ere.
Pelikulak Teodoraren bidaia kontatzen du, espetxean egotetik emakumeen eskubideen aldeko aktibista izatera. Pelikula hasieran Teodora kartzelan dago oraindik, bere askatasunaren alde borrokan. Kartzelan ia hamaika urte eman ondoren, askatasuna lortzen du, mugimendu feministaren eta giza eskubideen aldeko elkarteen babesari esker. Behin kalean, determinazio osoz jarraituko du Ilopangoko espetxean dauden emakumeen askatasunaren alde borrokan, askatasuna lortzean egin beharreko gizarteratze prozesuetan laguntzearekin batera.
Pelikulak borroka kolektiboaren potentziala nabarmentzen du. Hurbiletik biziko dugu emakume hauen ibilbidea, egoera edozein izanda ere abortua kriminalizatzen duen sistema misogino eta klasista baten biktima gisa, emakumeen eskubideen alde borrokatzen duten aktibistak bihurtzeraino. Emakume hauek espetxeko eguneroko bizitzan ikusiko ditugu, euren testigantzak entzungo ditugu eta zenbait kasutan, askatasuna berreskuratzen ikusiko ditugu, barroteetatik at.
Nuestra libertad emakumeak zigortzen dituen sistema baten inguruko gogoeta bat da, baina bada ere ahalduntzearen eta borroka kolektiboaren potentzialaren ingurukoa, kalean zein espetxean.