Irati Mitxelenak lortu du taldearen lehen podiuma
Goenaga Yogurrak emakumezkoen txirrindulari talde sortu berriak lorpen handia eskuratu zuen igandean, Atarrabian (Nafarroa) jokatutako kadeteen Jose Ignacio Urdaniz Cachorna sarian. Hendaiako Irati Mitxelena ziklistak bigarren postua lortu zuen. Horrela, taldearen lehen podiuma eskuratu zuen. Naiara Espinosa hondarribiarra 15. sailkatu zen, eta Noa Rodriguez hernaniarra 32. Elena Cuenca irundarrak ezin izan zuen lasterketa bukatu.
Mutilei dagokienez, Eibarko eta Beasaingo probak bertan behera geratu ostean, asteburuan lehiatzeko aukera izan zuten. Gazte mailan nabarmentzekoa da Aimar Alarcia donostiarrak Berriatuko Aitxekutz Sarian lortutako bosgarren postua, irabazlearengandik 5 segundo eskasera. Beste lau taldekidek ere amaitu zuten proba: Unax Betelu donostiarra 26. sailkatu zen, Beñat Ilzarbe donostiarra 44., Tasio Senperena astigartarra 50. eta Mattin Basurto donostiarra 57. Kadeteen mailan, berriz, Unax Otegi hernaniarra 9. sailkatu zen Zizurkilen jokatutako proban, eta horrez gain mendiko sailkapeneko bigarren postua ere eskuratu zuen.