Udalak kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina bat abiatu du
Bihar, martxoak 15, Kontsumitzaileen Eskubideen eta Kontsumo Arduratsuaren Munduko Eguna izango da. Hori dela eta, Donostiako Udalak eta Cristina Enea Fundazioak Berriz berri kanpaina martxan jarri dute, herritarrak objektuak berrerabiltzeari buruz sentsibilizatzeko. Kanpainaren xedea egungo kontsumo ereduan —ekonomia zirkularrean— aldaketak sustatzea da.
“Egunerokoan darabiltzagun produktu eta elementuetako askok zakarrontzian amaitzen dute, akats txikiren bat dutelako edo zertxobait hondatu direlako. Egoera hori aldatu behar dugu, eta objektu horiei beste bizitza bat eman, berrerabili. Zenbaitetan, konponketa txiki bat aski da”, adierazi du Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak.
Gazteentzako sentsibilizazio jarduerak
Kontsumo eredua aldatzea gizartearentzako erronka bat dela dio udalak. Lehen urratsa gure erosteko moduaren ondorioak onartzea eta produktuak erabiltzea izan daiteke, eta, horregatik, antzezlan bat programatu da hiriko gaztelekuen sarea osatzen duten ekipamenduetan. (Apirilaren 28an, Martuteneko gaztelekuan, 18:00etan; eta maiatzaren 5ean, Intxaurrondoko gaztelekuan, 18:30etik aurrera).
Trebakuntza tailerren programa
Kontsumo ondasun jakin batzuk konpontzeko, dagokion sektoreko profesionalengana jo behar da. Beste zeregin batzuk, ordea, etxean bertan egin daitezke, errazak direlako. Konponketa edo mantentze lan txikiak dira horrelakoak, produktuen bizitza erabilgarria luzatzeko lagungarri direnak; halakoetan, oinarrizko ezagutzak besterik ez da behar. Hala, trebakuntza jasotzeko interesa dutenek hainbat tailerretan izango dute aukera, hiriko elkarte batzuekin antolatu dira eta. Zehazki, 2023an zehar, bizikletak konpondu eta mantentze lanak egiteko tailerrak eskainiko dira, baita jantzigintzarekin eta ehungintzarekin lotutako tailerrak ere.
Bizikleten tailerretan eta joskintza tailerretan izena emateko, Cristina Enearen webgunean sartu behar da.