Xabier Atristain espetxera bidali dute berriz
Manifestaziora deitu dute ostiralerako; 19:00etan, Bulebarretik abiatuta.
Martuteneko espetxera bueltan bidali dituzte Xabier Atristain donostiarra eta Juan Manuel Inziarte oreretarra. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak martxoaren hasieran bi presoei hirugarren gradua jartzearen alde egin zuen, baina Etxerat elkarteak herenegun jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ontzat hartu zuela Fiskaltzak hirugarren graduaren kontra jarritako helegitea. Ondorioz, espetxean daude biak berriz ere. Atristainen kasuan, hirugarren gradua kentzen dioten bigarren aldia da, uztailean ere gauza bera egin baitzioten. Inziartek, aldiz, duela gutxi iktus bat izan zuen, eta egoera hau berarentzat kaltegarria izango dela salatu du Etxeratek.
Atristainek hamabi urte eta erdi egin ditu kartzelan. 2022an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen prozesu “justu eta ekitatezkoa” izatea ukatu ziola Espainiak donostiarrari, ez baitzion utzi inkomunikatuta egon zen aldian konfiantzazko abokatu bat kontratatzen. Inziartek, aldiz, 68 urte ditu, eta hamalau urte daramatza espetxean; 2024an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
Etxerat “haserre” agertu da Auzitegi Nazionaleko erabakiarekin. Halaber, Sare Herritarrak manifestaziora deitu du Donostian ostiralerako (hilak 17), 19:00etan, Bulebarretik abiatuta.