Artzain Onaren katedraleko ekialdeko fatxadako lanak uda bukaerarako bukatuko dituzte
Bigarren faseko lanak dira ekialdeko fatxadakoak, baina oraindik hirugarren fasea falta da.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuko delegatuak eta Fernando Prado Donostiako gotzainak Artzain Onaren katedraleko zaharberritze lanak bisitatu dituzte, eta jakinarazi dute ekialdeko fatxadako lanak uda amaierarako bukatzea aurreikusten dutela. Azken urteotan fatxada horren hainbat zati erori egin direla azaldu du delegatuak, eta nabarmendu du dagoeneko 2.440.000 euro inbertitu dituela Espainiako Gobernuak Artzain Onaren katedraleko zaharberritze lanetan, %1,5 Kulturala programaren bidez. Itxasok nabarmendu du programa horrek “kultur ondarea berreskuratzea, kontserbatzea eta balioestea bermatzen” duela, eta gaineratu du zaharberritzeak aukera emango du “Donostiarentzat oso maitatua den eraikin bat erabat berreskuratzeko”.
Zehazki, honako esku hartze hauek egiten ari dira ekialdeko fatxadan: alde batetik, beirateak desmuntatu eta planimetria berreskuratuko duen tailer batera eraman dituzte, egoera txarrean dauden eztainuzko soldadurak garbitu eta leheneratzeko, eta, ondoren, jatorrizko lekuan jartzeko, beira isotermikoekin babestuta. Bestetik, harrizko zatiak garbitu eta lehengoratzen ari dira. Azkenik, hondatutako arbelezko piezak ordezkatu eta zinkezko erremateak errepasatuko dituzte. Era berean, teilatu hodiak eta zorrotenak ordezkatuko dituzte.
Bigarren fasea ere diru publikoarekin
Katedraleko zaharberritze lanen bigarren fasea da ekialdeko fatxadari dagokiona, eta iazko ekainean hasi zituzten lanak. Lehenengo fasea dorre nagusiaren zaharberritzea izan zen, eta 2019ko urtarriletik 2020ko udara aritu ziren lanak egiten. Lehenengo fase horren inbertsio osoa 1,5 milioi euro ingurukoa izan zen: %50 inguru Espainiako Gobernuak jarri zuen (819.000 euro, Itxasok bisitan zehaztu duenez), Gipuzkoako Foru Aldundiak %25, Donostiako Udalak %12,5 (200.000 euro inguru) eta beste %12,5a elizbarrutiak.
Bigarren fase honetan ere, inbertsioaren zatirik handiena diru publikoarekin egin da: %75 Espainiako Gobernuak jarri du (1,6 milioi euro), %10 Eusko Jaurlaritzak eta %15 elizbarrutiak. Gogoratu behar da, ordea, katedrala elizbarrutiarena dela, eta lursaila berez udalarena zela, Donostiako Elizbarrutiak, Jose Ignacio Munilla gotzaina buru zuela, 2011n immatrikulatu eta bere egin zuen arte.
Bigarren fasea bukatzen dutenean, hirugarren eta azken faseari ekingo diote, hau da, mendebaldeko fatxadaren zaharberritze lanei. Aurreko bi faseetan gertatu den moduan, aurreikusi daiteke diru publikoarekin finantzatuko dutela hirugarren fasearen zatirik handiena. Pradok azaldu du katedralek zaharberritze lanak behar dituztela “40 edo 50 urtean behin”, eta nabarmendu du orain egiten ari diren zaharberritzen lanak direla “Artzain Onaren katedralean orain arte egindako garrantzitsuenak”.