Burmuinaren azterketaren azken aurrerapenak jorratuko ditu 'Donostia, Zientzia Hiria' zikloak
Donostia, Zientzia Hiriaren edizio berriak burmuinaren azterketaren azken aurrerapenak jorratuko ditu neuroteknologiei buruzko hitzaldi ziklo baten bitartez. Donostia Kulturak, DIPCk (Donostia International Physics Center) eta San Telmo Museoak antolatzen dute zikloa; martxoan bi saio egingo dira eta apirilean beste bi. San Telmo Museoan izango dira, 19:00etan.
Ziklo honetan lehen mailako hizlariek parte hartuko dute, burmuinarekin lotutako hainbat arlotan ikerketa egiten dutenak. Hala nola, martxoaren 21ean Esti Blanco psikolinguista izango da hizlaria. Harvardeko Unibertsitateko elebitasunaren neurozientzian ikertzailea da Blanco.
Bigarren saioa martxoaren 28an burutuko da, asteartea, Ander Ramosen aurkezpenarekin. Neuroprotesi eta neuroteknologiako liderra da Ramos Tecnalian, eta neurona-interfazeei eta medikuntza bioelektronikoari buruz hitz egingo du.
Aste santuaren ondoren, zikloa apirilaren 18an, asteartea, itzuliko da Ane Escobar kimika aplikatuan doktorea eta Gipuzkoa Fellowarekin. Donostiako Materialen Fisika Zentroko eta B3Nko kidea da Escobar.
Zikloa apirilaren 25ean amaituko da, asteartea, Jakiundeko kidez osatutako mahai-inguru batekin. Bertan parte hartuko dute Naroa Ibarretxe errehabilitazio kognitibo eta neuroirudiko adituak, Jose Felix Marti neurozientzialariak, Victor Gomez filosofoak eta Nekane Balluerka soziologoak, zientzien-portaera metodologietan aditua.