"Helburua da jendearen barrua mugitzea, poemekin eta musikarekin"
Askotariko ikuskizunak eskainiko ditu Poesialdiak hilaren 20tik 27ra, eta horietako bat izango da 'Itsas hariak'. Itsasoari buruzko poemak eta hari instrumentuak uztartu dituzte, eta Aritz Gorrotxategi poetak (Gros, 1975) eta Nerea Azkona arpa jotzaileak (Amara Berri, 2000) azaldu dutenez, poesiari beldurra galtzeko ikuskizun aproposa izango da. Hilaren 22an taularatuko dute, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan, 19:00etan.
Gogoz egongo zarete ‘Itsas hariak’ taularatzeko, ezta?
Aritz Gorrotxategi (A.G.): Duela urtebete baino gehiago hasi ginen proiektuarekin, eta, hasieran, emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean egiteko asmoa genuen. Azkenean, ordea, Poesialdian egiteko aukera eskaini ziguten, entseatzen hasi ginen, eta orain arte. Beraz, bai, badaukagu gogoa prestatutakoa erakusteko.
Zer da ‘Itsas hariak’?
A.G.: Pello Otxoteko poetak eta biok urte asko daramatzagu elkarrekin lankidetzan, eta duela sei edo zazpi urte Balea Zuria argitaletxea sortu genuen. Kontua da bere azken liburuak eta nire azken biek lotura handia zutela itsasoarekin, eta, horregatik, bururatu zitzaigun emanaldi bat egin behar genuela itsasoarekin lotuta. Horrela, Koldo Mitxelenan Musikenerekin batera antolatzen duten Poetika egitasmoan Nerea ezagutu genuen.
Nerea Azkona (N.A.): Musikeneko ikasleak gonbidatzen gaituzte Poetikara, poetekin batera aritzeko. Eta, horrela ezagutu zintuztedan, bai. Hortik, Safo liburuaren euskarazko itzulpenaren inguruko saio bat atera zen, iazko Poesialdian eskaini genuena.
A.G.: Nerearen arpa entzun nuen orduan, eta Itsas hariak emanaldirako ere arpa behar genuela ikusi nuen. Ondoren, laugarren kide bat gehitu zen proiektura, Pelloren alaba Nora Otxoteko, txeloa jotzen duena. Beraz, hortik dator emanaldiaren izena: itsasoa gure liburuetatik eta hariak Nerearen eta Noraren instrumentuetatik.
Nolakoa izango da emanaldia?
A.G.: Poema batzuk musikaren laguntzarik gabe irakurriko ditugu, eta beste batzuk musikaren laguntzarekin. Halaber, musikariek ere izango dituzte beraientzako tarteak.
N.A.: Esango nuke kasu honetan ez doala poesia alde batetik eta musika bestetik, beste batzuetan gertatzen den moduan. Emanaldi forma gehiago hartzen du kasu honetan, eta poesia eta musika gehiago uztartzen dira. Bestelako emanaldi bat sortzen da. Hain zuzen ere, kanta batzuk poementzako propio sortu ditugu.
A.G.: Bai, lana eman diogu Nereari [barrez]. Berak egin ditu egokitzapen guztiak. Guk proposamenak eta eskaerak egiten genizkion, eta Nereak bideragarri bihurtu ditu. Bestalde irudiak ere egongo dira emanaldian, proiektatuta. Balea Zuriaren liburuen azalak egiten dituen Imanol Larrinagak egin ditu irudi horiek, eta bere berezitasuna da poemak irakurri ondoren margotzen duela. Orduan, ikusi ahalko diren ilustrazioak gure zenbait poemetatik abiatuta propio sortutakoak izango dira.
Hainbat liburutako poemak irakurriko dituzue, ezta?
A.G.: Pelloren kasuan, Itsas bizi mina liburukoak, eta nire kasuan Amua eta Uda betea liburuetakoak.
Nolakoa izan da ‘Itsas hariak’-en sorkuntza prozesua?
N.A.: Poemak dagoeneko argitaratuta zeuden liburu horietan, eta, beraz, musikari dagokionez, Pellok eta Aritzek azaldu zidaten zer nahi zuten eta zer irudikatzen zuten. Hortik abiatuta, proposamen batzuk egin genituen eta entseatzen hasi ginen. Eta, entseguetan, beharren arabera sortzen joan ginen. Kanta batzuk dira itsasoarekin lotutako herrietako musika tradizionaletik abiatuta sortutakoak, beste batzuk itsasoarekin lotutako euskal kanta tradizionaletatik abiatuta sortutakoak eta beste batzuk guztiz guk asmatutakoak, poemetan oinarrituta.
A.G.: Poema batzuk fisikoagoak dira, paisajistikoagoak, ukitu daitezke; beste batzuk, aldiz, espiritualagoak dira, itsasoaren inguruko gogoetak dira; eta, keinu literarioak ere badaude batzuetan. Itsasoaren aurreko harridura eta krudelkeria ere presente daude, itsasoaren alderdi asko jorratzen baitira. Orduan, guk hitza ekarri genuen, eta entseguetan joan gara musikarekin uztartzen.
Poemez gozatzetik harago, oso ohikoa ez den instrumentu bat, arpa, zuzenean entzuteko aukera ona ere bada ‘Itsas hariak’.
N.A.: Bada, bai [barrez].
A.G.: Nereari beti brometan esaten diot arparekin Harpo Marx etortzen zaidala burura. Gainera, beti gauza bera gertatzen zen arparekin Marx anaien filmetan: eroenak arpa hartzen zuenean, aingeru bilakatzen zen. Arpak liluratu egiten zaitu, baina irudi komiko hori ere presente nuen.
N.A.: Arpak badu aingeru parte hori, baina baita alde gogorra eta zakarra ere. Eta, emanaldian ikusiko da, errezitatuko dituzten poemetan itsasoaren alde zakarraz ari direnean, arparekin eta txeloarekin alde zakar hori islatzen saiatuko baikara.
A.G.: Bitxikeria gisa, hasieran uste nuen arpa alde batetik bestera mugitzea ez zela erraza izango, baina gero konturatu nintzen Nerea oso ohituta dagoela, eta hori ez zela oztopo bat.
Nolatan erabaki zenuen arpa jotzen ikastea, Nerea?
N.A.: Bada, txikitan, auzoko musika eskolan ikasten nuen, eta behin galdetu ziguten zer instrumentu ikasi nahiko genukeen, eta nik arpa esan nuen, ez dakit zergatik. Gurasoak flipatuta gelditu ziren, noski. Gurasoek esan ohi dute Pirritx eta Porrotxen film batean Olatz Zugasti arpa jotzen agertzen zela eta nik film hori etengabe ikusten nuela; orduan, agian horregatik izango zen, ez dakit. Arpa non ikasten zen ere ez zekiten gurasoek, baina azkenean kontserbatorioan apuntatu ninduten. Ondoren, Musikenen, esango nuke azken hamar urteotan arpa ikasten zuen euskaldun bakarra izan naizela, baina frantes dezente etortzen dira Musikenera arpa jotzen ikastera.
Nolakoa da musikari gisa poesia eta musika uztartzea?
N.A.: Poesiarekin egiten den moduan, musikarekin ere paisaiak sortzen ditugu, espiritualitatea jorratzen dugu, eta abar. Orduan, poema baten irudia argi baduzu, hortik soinuarekin paisaia edo sentsazio bera sortzea ez da zaila. Beste modu batean bada ere, gauza bera egiten dugu poetek eta musikariok; batzuek hitzez eta besteok musikarekin.
A.G.: Ildo horretatik, nabarmenduko nuke askotan poesiari beldurra izaten diola jendeak. Hori da eskoletan ikasten den poesia gutxi hori bideratuta dagoelako aztertzera ea poetak zer esan nahi duen. Ordea, nik irakurketa askeago bat aldarrikatzen dut, beldur hori gainetik kentzea: Joan Margarit poeta katalanak zioen poema dela partitura bat; hau da, irakurleak interpretatu egin behar duela. Orduan, aldarrikatuko nuke irakurleak izan dezala askatasun hori: joan dadila emanaldira, musikaren bidez barneratu ditzala poemak, bilatu ditzala gustatzen zaizkion erritmoak eta esaldiak, eta gauza batzuk ez baditu ulertzen ez dadila kezkatu. Poetak leihoak irekitzen ditu, baina gero irakurlearen esku dago hori interpretatzea, bere barruko kezkekin eta zalantzekin. Balio duena ez da egileak esaten duena, baizik eta irakurleari eragiten diona. Horregatik, gure helburua da jendearen barrua mugitzea, poemekin eta musikarekin.
Aritzekin lan egin aurretik, gustuko zenuen poesia, Nerea?
N.A.: Oso irakurzalea izan naiz beti, baina, egia esan, ez naiz inoiz bereziki poesia zalea izan. Ordea, gero eta gehiago gerturatzen ari naiz poesiara, Itsas hariak-en esperientziarengatik eta lagun bat ere poesia idazten hasi delako. Bestalde, uste dut poesiak eta musikak lotura handia dutela, eta poesiaren munduan murgildu izanak laguntzen didala nire sorkuntzan.
Zer esango zeniokete jendeari ikuskizuna ikustera joateko?
A.G.: Poesiari beldurra galtzeko eta poesiarekin gozatzen hasteko emanaldi aproposa dela, aurreiritzi horiek guztiak baztertzeko.
N.A.: Eta arpa bat egongo dela [barrez]!