Egungo asilo eta migrazio politikek eragiten duten mugetako indarkeria salatuko dute igandean, Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako 26. martxan.

Babes handia izan du aurtengo martxak. 48 eragilek bat egin dute ‘Hilmugak. Mugetako indarkeriaren aurka’ leloarekin, eta herritarrei martxan parte hartzeko eta kaleak betetzeko deia egin diete. Egungo asilo eta migrazio politikek eragiten duten mugetako indarkeria salatzeko elkartuko dira igandean. Martxa Trintxerpeko merkatutik abiatuko da eguerdian, 11:30ean, eta 13:00ak aldera iritsiko da Donostiako Alderdi Ederrera. Aurtengo kanpainaren irudia eta leloa Donostiako Usandizaga institutuko ikasleek sortu dute. Hildakoak eragiten dituzten mugak seinalatu dituzte diseinuaren bidez. Lelo argia aukeratu dute, pertsona migranteen errealitatea agerian uzteko, eta eskuz egindako eskailera batzuk marraztu dituzte, mugen aurkako pausoak emateko aukera irudikatzeko.
2004tik 2022ra gutxienez 46.622 pertsona hil dira mundu osoko mugetan; hori da dokumentatu ahal izan den kopurua, baina eragileek uste dute gehiago izango zirela. Horietatik 30.000 Mediterraneoan hil dira. “Zenbat hildako behar dira neurriak hartzeko?”, galdetu du Haizea Bernas Medicusmundi Gipuzkoako kideak. Mobilizatzeko deia egin du, denek pausoak emateko elkarrekin, gaur egungo “hilmugak” itxaropen helmuga bihurtu daitezen.
SOS Arrazakeriako Karlos Ordoñezek ere datu ikaragarriak aletu ditu aurkezpenean. Giza eskubideen urraketak Europako Batasuneko muga guztietan gertatzen ari direla salatu du. Mugetan indarkeria sufritzen duten pertsonen “delitua” bizirik irauten saiatzea dela gogorarazi du. “Gobernuak tematuta daude mugak ixtearekin, eta masakre bat eragiten ari dira. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikulua urratzen ari dira”.
Europako Hegoaldeko mugetan 2022an ia 3.000 hil zirela esan du Ordoñezek, eta nabarmendu du kopuru hori 2017. urtetik handiena dela, eta horien artean 114 haur zeudela. Egoera honen aurrean, tragedia hau saihesteko neurriak hartu beharrean, laguntza humanitarioa eman nahi dutenen lana kriminalizatzen ari direla salatu du: “Politika arrazistak praktikatzen ari direla, giza eskubide guztien gainetik”.
Europako barne mugetan –Irungoa, kasurako– jada desaktibatuta zeuden mugak berrezarri direla esan du Ordoñezek, eta kontrol arrazistak egiten ari direla, Bidasoan, besteak beste. Eta kontrol polizialak hildako gehiago eragiten dituela; Melillako kasua ekarri du gogora.