Udalak 3,4 milioi euro bideratuko ditu 2024ko eta 2025eko partaidetzazko aurrekontuetara
Bost egun barru irekiko dute proposamenak aurkezteko epea.
Donostiako Udalak 2024 eta 2025 urteetarako partaidetzazko aurrekontuen prozesua abiatu du. Zehazki, 3 milioi euro bideratuko dituzte —1,5 milioi urte bakoitzean—. Ekialdeko Barrutira, berriz, 363.968 euro bideratuko dituzte 2024an, eta 2025eko kopurua urte horretako udal aurrekontuak onartzean zehaztuko dute.
“Prozesuari esker, herritarrek aurrekontuei buruzko erabakietan zuzenean eta modu aktiboan parte hartu dezake: proiektuak proposatu eta bultzatu ditzakete nola auzoari begira hala hiriari begira”, azaldu du Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak.
Hilaren 20an irekiko dute proposamenak jasotzeko epea –helbide honetan–, eta 31n itxiko dute. Ondoren, auzoetarako eta hirirako egiten diren proposamenak ikuspegi teknikotik aztertuko dituzte: guztiei erantzun bat emango diete, eta herritarrek botoa eman ahalko diete irizpideak betetzen dituzten eta teknikoki bideragarriak diren proposamenei. Era horretan, 2024ko eta 2025eko aurrekontu proposamenen definizioan eragina izango dute.
Partaidetza Sailak proposamen guztiak aztertuko ditu apiriletik urrira bitarte, eta, beharrezkoa bada, proposatzaileekin harremanetan jarriko dira. Eta, hala badagokio, antzeko proposamenak multzokatzeko aukera aztertuko dute. Fase honetan, proposamen bakoitzaren gaia zein den, dagokion sailari esleituko zaio, eta sail horrek ea goiko baldintzak betetzen diren aztertuko du. Halaber, bideragarritasun teknikoari ere erreparatuko dio.
Aukeratutako proposamenak urriaren 9an argitaratuko ditu udalak. Dagozkion arloek eta sailek barne azterketa egin eta gero, botoak eman ahalko zaizkien proposamenak argitaratuko dira, baita baldintzak betetzen ez dituztenak ere. Era horretan, proposatzaileek eta gainerako herritarrek proposamen bakoitzaren egoera ikusi ahalko dute.
Aldiz, proposamenak bozkatzeko epea urriaren 16tik 29ra bitartekoa izango da. Proposamen bakoitzari botoa emateko kode bat esleituko zaio, eta herritar bakoitzak bost proiektu aukeratu beharko ditu (herritar bakoitzak behin soilik eman dezake botoa). Azkenik, emaitzen berri emango dute urriaren 30ean.
Aurreko prozesua
Partaidetzazko aurrekontuen aurreko prozesua 2021ean garatu zen. 93 proposamenen artean lehentasunezko proposamenak aukeratu zituzten 3.723 herritarrek. Azkenik, boto gehien jaso zuten 20 proposamenak aukeratu zituzten 2022 eta 2023 urteetarako.