Alvaro Romero donostiarrak zilarrezko domina lortu du Suitzako Munduko Kopan
19 urte baino ez dituen arren, Munduko Kopa bateko podiumera igo da lehen aldiz Alvaro Romero snowboarder donostiarra. Veysonnazko (Suitza) proban zilarrezko domina eskuratu du snowboard kroseko finalean.
Ez da denboraldi ona izaten ari Romerorentzat, gaixoaldiek ez diotelako bere mailarik onena ematen utzi. Horrela ere, Bakurianiko (Georgia) Munduko Txapelketa absolutuan 13. bukatu zuen, eta sentsazio on horiek hobetu ditu Suitzako Munduko Kopako proban.
Final-zortzirenetan, Romero jarri da hirugarren partzialean lehen postuan eta postu horretan helmugaratu da Davd Pickl austriarraren eta Nick Baumgartner estatubatuarraren aurretik. Final-laurdenetan, Romerok aurkari gogorrei aurre egin behar izan die, Martin Noerl alemaniarra kasu, baina berriro ere bere txanda irabazteko gai izan da, Adam Lambert eta David Pickl gaindituta. Final-laurdenetako txanda jada zaila bazen, askoz zailagoa izan da finalerdietakoa. Berriro ere Noerlen aurka eta Omar Visintin eta Glenn de Blois italiarrekin indarrak neurtuz, Romero ez da kikildu eta bigarren postuan helmugaratu da. Bigarren postu horrek final handira pasatzeko txartela eman dio.
Finalean Basque Teameko riderrak ez du irteera bikaina egin eta laugarren postuan geratu da. Hala ere, aurrera egin du lehen posturaino. Ibilbidearen azken zatian lehia gogorra izan du bere hiru lehiakideekin, baina azkenean bigarren bukatu du, Martin Noerl alemaniarraren atzetik, eta Lorenzo Sommariva italiarraren eta Eliot Grondin kanadarraren aurretik.
Egibarrek kale
Sierra Nevadako (Espainia) Munduko Kopako proban asteburu bikaina izan ondoren –urrea eta zilarra eskuratu zituen–, Lucas Egibar donostiarrak ez da Suitzako probako final-zortzirenetatik pasa. Bere aurkarietako batekin ukitu txiki bat izan du kanporaketa horretan eta hirugarren bukatu du bere seriean, Matteo Menconi italiarraren eta Jake Vedder iparramerikarraren atzetik.
Gaurko emaitzaren ostean, Egibarrek Munduko Kopako lidergoa galdu du. Orain, Martin Noerl alemaniarra da liderra 374 punturekin. Bere atzetik daude Omar Visintin italiarra 335 punturekin eta Egibar donostiarra 326 punturekin. Munduko Kopa amaitzeko falta diren bi probak Mt. St. Annen (Kanada) martxoaren 24tik 26ra jokatuko dituzte.