Donostiako errepresaliatuen memoria berreskuratu dute
1936tik 1945era Donostian errepresaliatutako herritarren eta hiritik kanpo errepresaliatutako donostiarren memoria berreskuratzeko proiektua itxi du Aranzadi Zientzia Elkarteak, duela sei urte abiatutakoa. 8.000 pertsonaren informazioa bildu dute.
Aranzadi Zientzia Elkarteak goiz osoko jardunaldia egin du ostegun goizean Miramar jauregian, duela sei urte Donostiako Udalarekin elkarlanean abiatutako proiektua ixteko. 1936tik 1945era frankismoak Donostian errepresaliatu zituen herritarren zein Donostiatik kanpo errepresaliatuak izan ziren donostiarren memoria berreskuratzea zen proiektuaren xedea. Javier Buces Aranzadiko historialari eta proiektuaren zuzendariak azaldu duenez, “Donostian errepresioa pairatu zutenak eta hiritik kanpo errepresioa pairatu zuten donostiarrak izen-abizenez identifikatzea zen helburua, metodo zientifikoa erabilita”. Horrela, 8.000 kasutik gora identifikatu dituzte, eta horien guztien inguruko informazioa zein hainbat senideren testigantzak eskuragarri jarri dituzte, donostia.eus/1936/ atarian.
Eneko Goia alkateak ireki ditu jardunaldiak, eta zera nabarmendu du: “Lan honekin historiarekin genuen zor bat kitatu dugu”. Webgunean, errepresaliatuak izen-abizenez bilatu daitezke, eta alkateak azaldu du bere arbaso baten historia ere ezagutu ahal izan duela horri esker. Halaber, udalak memoria historikoa lantzeko egindako hainbat egitasmo gogorarazi ditu, besteak beste, Polloeko mausoleo frankistan lurperatuta dauden milizianoei berriki egindako omenaldia eta 36ko gerran erailak izan ziren 24 udal langileren memoria berreskuratzeko aurkeztu duten kereila. Horren inguruan, adierazi du kereilaren harira, eraildako beste udal langileren baten kasuaren berri izan dutela, eta, beraz, ziur aski 24 baino gehiago izango direla.
Goiaz gain, Javier Buces Aranzadiko historialariak, Fabian Salvioli Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak eta Jon-Mirena Landa zigor zuzenbideko katedradunak ere hartu dute hitza. Amaieran, frankismoaren biktimen hiru senidek mahai ingurua egin dute: Maria Puy Intxaustik (Trintxerpe, Pasai Antxo, 1929), Anastasio Arbella Lopezek (Donostia, 1944) eta Izaskun Etxeberriak Zufiaurre (Altsasu, Nafarroa, 1964). 36ko gerra bizi zuen lehenak, gerraostea bigarrenak eta egia ezkutatu izan dieten belaunaldikoa da hirugarrena.
Diktadura ez da 1945ean bukatzen
Javier Buces historialariak zuzendu du aipatu proiektua, eta nabarmendu du “gizartearen eskari bati eta defizit demokratiko bati erantzuna” eman diotela, trantsizioaren garaian egia ezagutzeko ezarri zituzten oztopoen gainetik. Ildo horretatik, Iñaki Egañak aurretik egindako lana aipatu du: “Oso kritikatua izan bada ere, oso beharrezkoa izan da”. Aranzadiren ikerketan, kasu bakoitza “modu indibidualizatuan” landu dutela azaldu du, eta aipatu webgunea “memoria historikoaren arloan, estatuko webgune osoenetako bat” dela.
Hala ere, gogorarazi du oraindik asko dagoela egiteke: “Diktadura ez zen 1945ean bukatu, eta gero zertxobait modernizatu bazen ere, diktadura bere osotasunean aztertu behar da. Ez zen diktadura gogor bat eta diktadura bigun bat egon; diktadura bat egon zen”. Horregatik, “gaur ez da ezer bukatzen”, gaineratu du: “Politikariak animatzen jarraituko dugu, diktadura bere osotasunean aztertzeko baliabideak jar ditzaten. Jarraituko dugu biktimen aitortzaren alde lan egiten, eta espero dugu egunen batean justizia ere egin ahal izatea”.
Justizia trantsizionala
Fabian Salvioli ere egon da jardunaldietan, Nazio Batuen Erakundeko Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeari buruzko kontalari berezi, eta justizia trantsizionala izan du hizpide. Justizia trantsizionalak bost oinarri dituela nabarmendu du: egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea eta memoria. Eta, nabarmendu du biktimek “ahots pribilegiatua” izan behar dutela justizia trantsizionala eraikitzeko garaian.
Argi hitz egin du Salviolik: “Estatuek giza eskubideak bermatu behar dituzte; kontua ez da borondate politikoa, baizik eta juridikoki horretara behartuta daudela”. Ordea, hori askotan betetzen ez dela deitoratu du: “Esaten dute ahaztu egin behar dela bakea lortzeko. Noren bakea? Errepresioa gauzatu zutenena! Biktimak aitortu behar dira, eta borreroak espetxera bidali behar dira”. Izan ere, errepresioa gaur egun ere oso presente dagoela nabarmendu du: “Familietan mina transmititzen da. Ez gara iraganaz ari, etorkizunaz baizik”.
Memoria historikoari oztopoak jartzen dizkietenen beste ustezko argumentu batzuk ere desmuntatu ditu Salviolik: “Esaten dute biktimek mendekua nahi dutela; nola izan daiteke norbait horren zinikoa? Justizia mendekuaren kontrakoa da!”. Bakeak egiteari buruz ere hitz egin du: “Bakea memoriaren bidez egiten da, eta ez ahanzturaren bidez. Horrela, gizarteak bakeak egiten ditu giza eskubideak bermatu behar dituen estatuarekin, baina ez borreroekin, horrek ez baitauka inolako baliorik. Adibide bat jartzearren: juduek bakeak egin zituzten Alemaniarekin, baina ez naziekin, nazi batekin bakeak egiteak ez daukalako baliorik; naziak justiziaren aurrean erantzun behar du”. “Biktimek dirua bilatzen dutela ere esan ohi dute”, gaineratu du, eta hori ere desmuntatu du: “Ez dago dirurik familiek sufritu dutena ordaintzeko. Familiek erreparazioa izan behar dute, baita erreparazio ekonomikoa ere, zor zaielako”.
Ez errepikatzeko bermeen harira, diktaduraren sinboloak espazio publikotik kendu behar direla aldarrikatu du, “ondarearen aitzakiak alde batera utzita”. Izan ere, nabarmendu duenez, “kontua ez da posizionamendu politikoa, kontua sen ona da, kontua betebehar juridikoak dira eta kontua pertsona onak izatea da. Biktimen ondoan ez dagoena ez da pertsona on bat”.