Euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizaziorako deia egin dute hainbat eragilek
Gazte Euskaltzaleen Sareak, euskalgintzako hainbat norbanakok eta beste hainbat eragilek agerraldia egin dute Egiako epaitegiaren aurrean, “euskararen eta euskaldunen aurkako azken erasoak salatzeko”.
Gazte Euskaltzaleen Sareko Begoña Garaikoetxeak eta AEK-ko Aize Otañok hartu dute hitza, eta “herri erantzun sendo bat” emateko beharra nabarmendu dute. Duela urtebete Gazte Euskaltzaleon Sareak antolatutako Euskara Aurrera manifestazioan azaldu zuten “kezkatuta” zeudela euskararen egoerarekin. “Kezkagarritzat jo genituen euskararen aurka hartu ziren erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia murritza, eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea. Eta gure belaunaldiren bizipenetatik eta ikuspegitik, egoera horri erantzun beharra ikusi genuen”, azaldu dute.
Milaka herritar bildu zituen 2022ko maiatzean Donostian egin zuten manifestazio horrek, eta azaldu dutenez, “mobilizazioak utzitako poza eta ilusioa lagun”, urte honetan lanean jarraitu dute. “Horren emaitza da, besteak beste, Ikama eta unibertsitateko euskara taldeekin batera, euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxoaren 23ko mobilizazioa”, adierazi dute.
Euskararen aurkako “oldarraldia”
Mobilizazio horren antolatzaileek azaldu dutenez, euskaraz bizi nahi dutenen aurkako “oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak ez du etenik izan iaztik”. Oldarraldi horrek azken urteetan euskara “gogor zapaldu” duela salatu dute, “hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituzten epaien bidez, bai eta urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoen bidez ere”.
Ildo horretan, Uliazpiko azkenengo epaiak “marra gorri guztiak gainditu” dituela uste dute. “Bertako langileen aurkako eta, batez ere, herritar zaurgarrienen euskaraz bizitzeko eskubideen aurkako eraso zuzena izan da”, nabarmendu dute. Epaile eta magistratuak “hizkuntza politika erreakzionarioak” garatzen ari direla uste dute, eta hizkuntza politikak garatzeko aurreko belaunaldiek eskuratutako eskuduntzen aurkako “eraso zuzenak” egiten ari direla ere bai.
Hori dela eta, martxoaren 23an hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan “kaleak betetzeko” deia egin dute. “Martxoaren 23ko mobilizazioak erantzun herritar bat behar du izan, gure hizkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak direlako jokoan daudenak”, adierazi dute.