'Hondalea' ikusteko bisita gidatuek Santa Klara uharteko ingurune ekologikoari kalte egiten diotela salatu dute
Apirilaren 1etik 16ra Santa Klara uharteko Hondalea eskultura ikusteko udalak antolatu dituen bisita gidatuen harira, manifestu bat argitaratu dute hainbat kolektibok. Parkea Bizirik, Eguzki, Bizilagunekin eta Haritzalde elkarteek sinatu dute, eta salatu dute bisita horien bidez uhartean sortutako erabilera turistikoak “ondorio kaltegarriak” dituela Santa Klara uharteko ingurune ekologiko eta sozialean.
uharteko itsasargian Hondalea jartzeko esku hartzearen aurrean, lau kolektibo sinatzaileek hainbat bilera egin zituzten udal gobernuko kideekin, baita eskulturaren sustatzaile den enpresako kideekin ere. Topaketa horien helburua zen uhartean turismo jardueraren handitzeari mugak jartzea eta azpiegitura horrek ekosisteman, ondare historikoan eta donostiarrek uharteari eman dioten erabileran duen eragin negatiboa murriztea. “Egun, bisiten egutegia luzatzearen berriaren aurrean, duela bi urte adostutakoa alde bakarretik hausten dela ikusten dugu. Berriro, uhartera bisitari gehiago etortzearen alde jokatzen da, eta leku gehiago uzten zaio egunero hiriko naturaguneak mehatxatzen dituen dinamika turistifikatzaileari”, deitoratu dute.
Azaldu dutenez, uhartea itsas hegaztien etxea da, eta apirilean bertan habia egiten duten garaia da. “Astebete habia egiteko, hilabete txitatzeko eta hilabete eta erdi kumeak zaintzeko. Hori guztia 5,4 hektareako lur zatian”, zehaztu dute. Santa Klarak babestutako espezieak ere baditu, hala nola, frankenia leavis izeneko txilarra, uharteko sugandila (podarcis liolepis), ubarroi mottoduna (phalacrocorax aristotelis), kaio iluna (larus fuscus) eta kaio atlantikoa (larus marinus). Gainera, kaio hankahorien kolonia handi bat (larus michahellis) enklabe horretan bizi eta ugaltzen da.
Uharteko ekosisteman izandako “eragin negatiboez” harago, Hondalea “Donostiako makinaria turistikoari begirako operazio bat” dela uste dute dokumentuaren sinatzaileek, “negozio turistikoak mugitzen dituen interes pribatuak asetzeko”.
Hori dela eta, udal gobernuari eskatu diote elkarteekin denboraldiei, edukierei, ordutegiei eta uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien handitzeei buruz egindako akordioak betetzeko; udaberrian, itsas hegaztiek lurrean habiak egiten dituzten garaian, uhartera bisitarik ez egiteko eta Santa Klarako natura babesteko eta berrezartzeko.