Oteizaren omenezko jardunaldiak egingo dituzte Dokan, haren heriotzaren 20. urtemugan
Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia, 2003) hil zela hogei urte beteko dira apirilaren 9an, eta haren lana ardatz hartuta, hainbat ekitaldi programatuko dituzte Donostian, Dokan, martxoaren 29tik 31ra. Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak Oteizak sustatu zituen ideiak nolakoak ziren ezagutarazi, eta gaur egun oraindik zenbaterainoko erabilgarritasuna izan dezaketen aztertu nahi du. Dokarekin lankidetzan antolatu dute hiru eguneko egitaraua.
Lehen emanaldian Oteizaren testuak irakurri eta irudiak proiektatuko dituzte saio berezi batean. Emilio Varelak eta Carmiña Dovalek parte hartuko dute esatari moduan, eta Beñat Antxustegi musikaria eta Oteizaren museoko Juan Pablo Huercanos ere izango dira. Jon Cazenave argazkilari donostiarraren irudiak erakutsiko dira.
Antzerki taldeko Ion Martinezek Jorge Oteizaren rola antzeztuko du jardunaldien bigarren egunean, martxoaren 30ean, bertso saio berezi batean. Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña ariko dira kantari, eta gai-jartzaile ariko da Martinez (Oteizaren paperean), Unai Elizasurekin batera. Azken egunean, martxoaren 31n, Amorante ariko da zuzenean, 20:30ean.
Emanaldietarako sarrerak Dokaren webgunean eskuratu daitezke aurretik, eta bestela, egunean bertan, leihatilan.