Parte Zaharreko auzo elkarteak dio toldoak "berehala" kendu behar dituela udalak
Berriki, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Parte Zaharreko establezimenduek fatxadetan toldoak jartzeko debekua, eta, horren harira, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak esan du udalak “berehala” kendu behar dituela toldoak: “Ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu, ezta legearen urraketak estaltzen eta onartzen jarraitu ere”.
Gogorarazi dute toldoen afera duela bost urte iritsi zela auzitegietara, “EAJ-PSE-EEren udal gobernuak ez zituelako kendu nahi izan urte haietan lizentziarik gabe jarri ziren toldoak”. “Soilik Arartekoaren 2018ko ebazpenak, gure salaketak aintzat hartu zituenak, behartu zuen udala fitxa mugitzera. Dagoeneko ezin zuen gehiago estali eta onartu Parte Zaharra Birgaitzeko Planak berariaz debekatzen duena”, gaineratu dute. Halaber, nabarmendu dute toldoek larrialdietako ibilgailuak auzoko kaleetatik behar bezala mugitu ahal izatea oztopatzen dutela, eta bizilagunen komunitateen baimenik gabe jarri dituztela.
EAEko Auzitegi Nagusiak toldoak jartzeko debekua berretsi badu ere, auzo elkarteak salatu duenez, “udaleko iturri batzuek hainbat hedabidetan egindako filtrazioen arabera, toldoak mantentzeko modua bilatuko du udalak”. “EAJ-PSE-EEren udal gobernuak Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin duen konplizitatea agerian geratu da. Elkarte horrek denbora erosi du errekurtso judizialarekin [elkarte horren helegite bati erantzunez berretsi du debekua EAEko Auzitegi Nagusiak], eta udalari estaldura eman dio toldoak ez kentzeko”, gaineratu dute.
“Udalak ez du derrigortuko egun batetik bestera toldoak kentzera”
Epaiaren aurrean, udaleko iturriek hedabide honi azaldu diote udalak epaia beteko duela, baina ez duela derrigortuko “egun batetik bestera toldoak kentzera”. Halaber, gogorarazi dute udala Parte Zaharrerako Plan Berezia idazten ari dela, eta bertan arautuko duela toldoen auzia, “Monumentu Multzoaren izendapenak dioenari jarraituz eta epaia betez”.
“Monumentu Multzoaren izendapenaren arabera, toldoek ezin dute fatxadan ainguratuta egon, baina establezimenduen leihoek edo ateek hartzen duten zabaleran jarri daitezke, beti ere, baldin eta zabaltzen direnean ez badute oztopatzen eta zerbitzu esentzialak pasatzen badira. Esate baterako, taberna batek edo saltoki batek, atea eta bi leiho baditu, leiho edo ate bakoitzean toldoa jarri dezake, baina kalearen arabera, gehiago edo gutxiago zabaldu ahal izango ditu, edo kale kantoi batean badago ezingo du jarri zerbitzu esentzialek zailtasunak dituztelako biratzeko”, azaldu dute udaleko iturriek.
Era berean, udaleko iturriek nabarmendu dute “egoerari irtenbidea bilatzeko lanean” ari direla, eta epaia ezagutu aurretik, duela hilabete inguru, txosten bat eskatu zutela Parte Zaharrean toldoa duten lokal guztiak aztertzeko. “Txosten horrek irtenbidea emango dio lokal bakoitzari, eta horren arabera udalak lokal bakoitzarekin kudeatuko du, bai epaiak dionari, bai Monumentu Multzoaren izendapenak ezartzen duenari, bai Plan Bereziak gaiari buruz ezarriko duenari men eginez”, gehitu dute.