Udalak 8,6 milioi euroko superabita Loiolako Kuartelen salerosketara bideratuko du
Donostiako Udalak 2022ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du, eta iazko urtea 8,6 milioi euroko superabitarekin bukatu zela nabarmendu dute. Hain zuzen ere, diru hori Loiolako Kuartelen lursaila erosteko erabiliko dela adierazi du Kerman Orbegozo Ogasun eta Finantzetako zinegotziak.
“2022ko likidazioak erakusten du udalaren finantza egoera orekatua dela. Hortaz, bestak beste, izandako superabitari eta egiteko zeuden aurreko urtetako inbertsioen inkorporazioari esker, soberakinaren zati handi bat Loiolako Kuartelak erosteko erabili ahal izango da”, azaldu du Orbegozok. Aurreko urtetako 113,9 milioi euroko inbertsioak gehitu dira 2023ko ekitaldira. Horietatik, 62,5 milioi adjudikatuta eta lanak hasita daude, edo laster adjudikatuko dira lizitazio prozesuan daudelako.
Aurkeztutako likidazioa soilik udalaren aurrekontu ekitaldiarena da, eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen udalaren mendekoak diren hamalau udal elkarte eta sozietateak. Elkarte eta sozietateek kontuak administrazio kontseiluetan aurkeztuko dituzte. “Hala ere, esan beharra dago, aurrekontuaren likidazioak udal elkarte eta sozietateek euren kontuak abenduaren 31ko datarekin orekatzeko behar adina baliabide finantzarioak aurreikusten dituela”, esan du Orbegozok.