Aitaren eguna, teilatuak deseraikitzeko
Deseraikitzen ari diren teilatu hori zuen koadro bat genuen etxean, txikitan. Amona zenaren anaiak eginda, edo oparituta, ez dut gogoan. Koadroak zulo bat zuen erdian, gure aitak egina.
16 edo 17 urte nituen artean, eta gure gurasoak dibortziatzen zebiltzala-eta, gurean egin zuen lo gau hartan aitak. Gauerdian, zarata batzuk entzun nituen pasilloan, eta jaiki egin nintzen. Aita zen, bere ohiko ero begiekin, pintadak eginez, etxetik joan behar genuela idazten.
Jaiki, eta beraren kontra, margoketak borratzen saiatu nintzen, anaia txikiak ikusi ez zitzan. Sesio hartan geundela, anaia nagusia ere jaiki zen, eta ondoko etxean bizi zen gure amona etxera etorri. Oihu, irain eta bultzada horien artean, aitak aulki bat hartu eta amonari jaurtitzeko prest jarri zen. Ez dakit nola, eta zer indarrekin, baina azken momentuan besoetatik heldu, eta aulkia koadroaren kontra desbideratzea lortu nuen. Denak geratu ginen lurrean, lur jota.
Koadro hartako zuloak behin eta berriro oroitarazten zidan gertakaria. Abizenaren moduan, lotsaz daramat, baina ez dut aldatuko. Nondik gatozen oroitzen digulako, baina baita ere nora joan gaitezkeen. Aitaren eguna aita erasotzaileei kargu hartzeko eguna ere izan dadila.