Bob Dylanen doinuak bosgarren aldiz
Musikari estatubatuarra ekainean etorriko da Kursaalera, 'Rough and Rowdy Ways' diskoaren harira egiten ari den biraren barruan. Bertan arituko den lehenengo aldia izango da, baina 1989tik Donostian hainbat kontzertu gogoangarri eman ditu Dylanek.
Bob Dylanek (Minesota, AEB, 1941) bi kontzertu eskainiko ditu ekainean Donostian; hilaren 19an izango da lehenengoa, eta hurrengo egunean bigarrena, Kursaaleko auditoriumean. Dylanek 2021eko azaroan hasi zuen biraren barruan daude Donostiako emanaldi horiek. 2020an argitaratutako Rough and Rowdy Ways diskoa (bere hogeita hemeretzigarren diskoa) du ardatz Dylanen birak, eta 2024ra arte iraungo du.
Aurtengoa ez da musikari estatubatuarra Donostiara etortzen den lehenengo aldia, bosgarrena baizik. 1989ko ekainaren 17an eskaini zuen bere lehenengo kontzertua Donostian, Belodromoan.
Dylanek hamasei abesti jo zituen kontzertu hartan; Mr. Tambourine Man, Like a Rolling Stone, Shot of Love, All Along the Watchtower, Blowin’ in the Wind eta Maggie’s Farm klasikoak, beste hainbaten artean. Handik hamar urtera itzuli zen Belodromora, 1999an, Never Ending Tour izeneko biraren barruan.
Bakearen aldeko jaialdia
2006ko uztailaren 11n ere etorri zen Dylan, Jazzaldiaren aurretik Donostiako Udalak bakearen alde antolatu zuen jaialdi handi batean parte hartzera. Besteak beste, Mikel Laboarekin partekatu zuen oholtza ekitaldi hartan. 80.000 ikusle batu zituen kontzertuak, eta Gipuzkoan inoiz egin den jendetsuentzat hartzen da. Horixe izan zen Laboaren azken agerraldi publiko handia.
El Periódico egunkariak hurrengo egunean argitaratu zuen artikulu batek jasotzen duenez, kontzertuaren aurreko orduetan, eguraldi kaskarraren eta zirkulazioan izan ziren gorabeheren ondorioz, espero adina jende ez etortzearen beldur izan ziren antolatzaileak, baina 19:00etatik aurrera milaka pertsona hasi ziren Zurriola betetzen. “Dylan 28 metroko zabalerako eta ia 100 tonako agertokira atera zenean, inork ez zuen zalantzan jarri deialdiaren arrakasta”, azaltzen du artikuluak.
Hiru pantaila erraldoi jarri zituzten; bi agertokiaren alboetan, Dylanen emanaldian itzalita egon zirenak —artistak hala eskatuta—, eta beste bat soinuaren nahaste-mahaiaren atzean, kontzertuan piztuta egon zena. Agertokiak 400.000 watt argi eta soinu zituen, eta sei kilometro kable behar izan ziren horiek hornitzeko.
2015ean azken aldiz
Bakearen aldeko kontzertu horretatik bederatzi urte igaro zirenean itzuli zen Donostiara Dylan, 2015eko uztailaren 11n, hain justu. Donostian eskaini izan dituen kontzertuetatik luzeena izan zen Ilunbekoa, eta Andres Calamaro kantautorea (Argentina, 1961) izan zen kontzertu hartako gonbidatua.
Calamaro Dylanen jarraitzailea izan da beti, eta kontzertua antolatu zuen Get In promotoreko zuzendari Iñigo Argomanizek honakoa nabarmendu zuen ekitaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan: “Calamaro Dylanen zale amorratua da, bere artista gogokoena, eta hunkituta eta asaldatuta dago berarekin jotzeagatik”.
Kontzertu horren ostean riorojo.org blogean argitaratu zuten kronika baten arabera, Ilunbeko argiztapenak, eszenografiak eta “estudio handi batean ahaztutako filmatzeko foku zaharrak ziruditenek” oso paper garrantzitsua jokatu zuten kontzertuan. “Hau ez da estadioko rocka, pantailetakoa eta bideo proiekziokoa; eszenografia zaindua duen antzerkia da, eta erdian aktore nagusia bere papera antzezten ari da agertoki gainean mugitzen den bitartean. Une batzuetan, eszenaren erdigunea utzi eta bigarren mailako lekua hartzen du gainerako aktoreekin batera”.
Ekainean bueltan izango da Dylan, 2016ko Literaturako Nobel Saria, eta antolatzaileek iragarri dute bi emanaldiotan ezingo dela telefonorik erabili. Antolatzaileek telefonoak gordetzeko zorro bat emango diote publikoko pertsona bakoitzari, eta horretarako propio atondutako eremu jakin batean soilik desblokeatu ahalko dira mugikorrak.
Kontzertuaren ikus-entzunezko oroigarri bat nahi dutenek eskura izango dituzte argazkiak eta bideoak, birako argazkilari ofizialak gauero igoko baititu bere sare sozialetara.