Donostia eta Errenteria lotuko dute 8.000 lagunek, euskara batua omentzeko
Hilaren 24an, Errenteria eta Donostia lotuko ditu 8.000 lagunek osatutako giza kate batek, euskara batuak Euskal Herriaren garapenean izan duen balioa onartzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Ekitaldia Errenteriako Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.
Batasunaren bidean lelopean egingo den giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da, eta Donostiako Udaletxe zaharraren eraikinaren parean bukatuko da. 8.226 metrokoa izango da, eta Errenteriako, Pasaiako eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Euskal Herri osoko ikastola ugaritako ikasleek osatuko dute, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera.
11:00etan emango zaio hasiera giza kateari, eta 11:30ak arte iraungo du. Giza katearen ondoren, bost gune egokituta izango dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.
Euskara Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako hamabost pertsona oroituko ditu ekimenak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knörr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.