Hiru belaunaldi, min berbera eta helburu bat: memoria
Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako memoria historikoari buruzko proiektu bat itxi zuen ostegunean Miramar jauregian, egun osoko jardunaldi batzuekin. Zehazki, Donostiako Udalaren babesarekin, 1936tik 1945era frankismoak Donostian errepresaliatu zituen herritarren zein Donostiatik kanpo errepresaliatuak izan ziren donostiarren memoria berreskuratu dute. Jardunaldien lehenengo zatiak kutsu akademikoa izan zuen, Eneko Goia alkateak, Aranzadiko historialari eta proiektuaren zuzendari Javier Bucesek, Fabian Salvioli Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak eta Jon-Mirena Landa zigor zuzenbideko katedradunak hitz egin baitzuten.
Bigarren zatian, aldiz, frankismoaren biktimen hiru senidek hartu zuten hitza, Bucesek moderatutako mahai inguru batean. Hiru belaunalditako hiru senidek hartu zuten parte: Maria Puy Intxaustik (Trintxerpe, Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1929), Anastasio Arbella Lopezek (Donostia, 1944) eta Izaskun Etxeberria Zufiaurrek (Altsasu, Nafarroa, 1964). “Puyren belaunaldiak gerra bizi izan zuen, Anastasiorenak gerraostea bizi izan zuen eta Izaskunenari egia ezagutzea ukatu zaio, euren senideei gertatu zitzaiena ezagutzea”, azaldu zuen Bucesek. Puyren eta Arbellaren testigantzak bideoan jaso zituen bere garaian Aranzadik, eta donostia.eus/1936/ webgunean daude ikusgai.
Hiru belaunaldi desberdinetakoak izanda ere, mahai inguruan agerian gelditu zen frankismoaren biktimen mina belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela familietan, eta hirurek nabarmendu zuten “transmisioa” oso garrantzitsua dela, “gertatutakoa ez dadin ahaztu, eta egia ezagutu dezagun”.
Testigantzak erdigunean
90 urte baino gehiago ditu Puyk, eta 87 urte pasatu dira 36ko gerra hasi zenetik, baina gerrarekin lotutako lehenengo oroitzapena argi dauka: “Bonba bat edo zerbait lehertu zen Salinas jauregian, eta amak amona, anaia eta hirurok hartu eta Bretxara eraman gintuen. Han, esne saltzailearen kamioian sartu, eta Alegriara [Araba] eraman gintuen. Aita ez zegoen gurekin, fakturak kobratzera joana zelako. Etxera itzuli zenean, ikusita gu ez geundela han, Getariara joan zen eta handik Frantziara”. Frankistek Donostia hartu zuten arte egon ziren Puy eta bere familia Alegrian, baina itzuli zirenean, Trintxerpe “ia hutsik” aurkitu zuten –gogoratu behar da Trintxerpe langile auzo bat zela orduan ere, eta militantzia ezkertiar handia zegoela–: “Etxeak zigilatuta zeuden, [frankistek] nahi izan zuten guztia lapurtu zuten, eta gose asko pasatu genuen denbora luzez; egun batean ogi pusketa bat geneukan eta hurrengo egunean ez”.
Aita handik hilabete batzuetara itzuli zen, baina Puyren familian badago frankistek eraildako senide bat ere: “Pasaiatik, jendez betetako itsasontziak ateratzen ziren Bilborantz, eta itsasontzi gidaria zen nire osaba. Halako batean, Pasaiara itzultzean, atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten, eta gero fusilatu egin zuten. Ni Ondarretako kartzelan bisitan sartu nintzen behin, eta hori beldurgarria zen”.
Bestelako oroitzapen gogorrak ere baditu Puyk: “Gauero, hiruzpalau lagun Bidebietara eramaten zituzten [fusilamenduak egiteko erabili zuten Bidebietako tiro zelaia frankistek], eta guk tiroak entzuten genituen. Han gizon bat egoten zen zaldi gainean, fusilatuei graziazko tiroa emateaz arduratzen zena. Behin, batek bizirik atera eta bere etxera iristea lortu zuen, baina norbaitek salatu egin zuen eta hiltzera eraman zuten berriz”. Halaber, emakume askok pairatu behar izan zituzten umiliazioak ere gogoratzen ditu: “Kaskamotz uzten zituzten, eta Kontxako barandatik paseatzen jartzen zituzten”. “Oso diktadura gogorra eta luzea izan dugu”, gaineratu zuen Puyk.
Arbellaren kasuan, bere aita militante sozialista sutsua zen: 1934ko Urriko Iraultzan parte hartu zuen, 36ko gerrako hainbat frontetan borrokatu zen, kartzelan egon zen eta klandestinitatetik alderdi sozialista berregituratzen aritu zen. Arbellaren ama bere aitaren anaia batekin ezkonduta zegoen gerra hasi zenean, baina frankistek kartzelaratu eta hil egin zuten: “Amak gordeta zituen nire osabak espetxetik bidali zizkion gutunak, eta bertan esaten zion bere bizitzarekin jarraitzeko, baina, mesedez, kartzelan sartu eta hil egingo zutenetako batekin ez ezkontzeko. Handik urte batzuetara, osabaren anaiarekin, nire aitarekin ezkondu zen”. “Familia bakar batetik, askotan, errepresio kasu asko ateratzen dira”, gaineratu zuen Bucesek.
Horrela, gerra bukatu eta espetxetik atera ondoren ere, aita beti han eta hemen zebilela gogoratzen du Arbellak, klandestinitatean: “Ama ere aktibismoan zebilen, esaterako, aitari laguntzen baitzion argitalpen politiko batzuk inprimatzen, ni besotan izanda. Behin, horregatik, atxilotu ere egin zuten. Aktibismotik harago, ama izan zen gu aurrera atera gintuenak”. Aitaren historia gerora ezagutu duela kontatu zuen Arbellak, Interneten bilatuta, aitari buruz idatzitako liburu batzuen bidez, eta abar. Gerraostean ez ezik, gerora ere errepresioa pairatu zuen bere aitak: “1958ean, alderdi sozialista desegin zuten, eta aita hilabetez egon zen Gobernu Zibilean atxilotuta, Meliton Manzanasen agindupean. Berak ez zigun inoiz esan torturatua izan zenik, baina irakurri izan dut dirudienez torturatua izan zela”. Torturatzaile ezaguna zen Manzanas, gerora ETAk hil egin zuena.
Etxeberriaren kasuan, besteak beste, bere bi arbaso izan ziren errepresaliatuak: Eloy eta Isidro Zufiaurre anaiak, eta euren istorioan oinarrituta, Esaten ez den guztian liburua idatzi du Etxeberriak berak. Liburua idatzi zuenean, ez zekiten non zeuden bi senideak, baina liburuaren aurkezpenarekin bat eginez, jakin zuten Eloy Polloeko mausoleoko hamazazpi milizianoetako bat dela. Aldiz, oraindik ez dakite non dagoen Isidro. Dioenez, “sentimendu oso sakon bat, oso humanoa”, izan zuen hamazazpigarren milizianoa Eloy Zufiaurre zela irakurri zuenean: “Nik hori sentitu banuen, hirugarren belaunaldikoa izanda, zer sentituko du senide zuzena den norbaitek”, nabarmendu zuen.
Transmisioa eta memoria
Etxe askotan gertatu zen moduan, Etxeberriak azaldu zuen bere etxean gerran gertatutakoari buruzko “isiltasuna” izan zela nagusi: “Ez ziguten gertatutakoa kontatu beldurrarengatik, eta bigarren belaunaldia ez zen gai izan egia bilatzeko, beldurrarengatik ere bai. Beldurra arma izugarria da. Aldiz, nik beti jakin nahi izan dut zer gertatu zen, eta, pixkanaka, gurasoen isiluneekin, iruzkinekin eta eskura uzten zizkidaten liburuekin, gertatutakoa ezagutzen joan nintzen”. Puyk dioenez, berari gurasoek ere ez zizkioten gauza asko kontatzen, baina berak entzuten zuen helduek euren artean hitz egiten zutena, eta buruan gelditzen joan zitzaion, eta gero berak bere bilobari ere kontatu dio oroitzen duena. Arbellaren kasuan, aldiz, aita militantea izanda, gaia ez zen inoiz tabu bat izan etxean: “Eskolan ere esaten nuen kartzelara nindoala aita bisitatzera, nahiz eta batzuek esaten zidaten hobe zela halakoak ez kontatzea”.
Transmisioa, agerikoa denez, modu desberdinetan eman da etxe bakoitzean, baina inoiz ez mendekua helburu izanda, memoria historikoari oztopoak jartzen dizkietenek dioten moduan: “Agian ez ziguten kontatzen gertatutakoa, baina ondo zekiten herrian bakoitzak zer egin zuen”, gogoratu zuen Etxeberriak. “Donostia erori zenean, aiton-amonak itzuli egin ziren, eta etxea zigilatuta aurkitu zuten. Aitonak zigilua kendu eta bere etxera sartu ziren. Ordea, bizilagun batek salatu egin zuen, Ondarretako kartzelara eraman zuten, eta fusilatu egin zuten. Aldiz, amak ez zigun inoiz kontatu nor izan zen salataria, ondo bazekien ere”, gaineratu zuen Arbellak.
Harago joan zen Puy: “Beraiek [frankistek] bai jokatu zutela mendekuz eta gaizkia egiteko helburu bakarrarekin. Etxeetan sartzen ziren, eta guztiaren jabe egin ziren, nahi zutena egiten zuten. Eta, gainera, isilik egon behar zenuen, bestela egurtzen baitzintuzten”. Herria urte askoz egon da isilik, baina Puyk, bere 90 urte luzeekin, argi dauka hori bukatzen ari dela: “Askoz lehenago kontatu behar zen gertatutako guztia, nahikoa egon baikara isilik. Inoiz ez da berandu!”.